Gipuzkoako Finantzen Kontseiluaren arabera, Foru Fondoak 2014an baino 19 milioi euro gehiago ditu 2015ean, %4,32ko hazkundea alegia.
Banaketa pasa den asteko eguenean Gasteizen elkartu zen Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan adostu zuten hiru lurraldetako Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, bertan burutu baitzen 2015eko likidazioa. Udalerriek aurreikusita zeuden 429,5 milioien ordainketak 2015ean zehar jaso zituzten, eta otsailaren 25ean jasoko dute aipatutako 7,4 milioiko gainsoldata.
Kopuru hau era horizontalean banatuko da Gipuzkoako udaletxeen artean, bakoitzak duen pisuaren arabera.
BEZaren doikuntzarengatik gertatu da beherakada
Urrian aurreratu zen aurre-likidazioko datuaren erdia da, gutxi gorabehera, udalek jasoko dutena. Foru Aldundiko iturriek honela azaltzen dute gertatutakoa: “Urte bukaeran, diru-bilketak behera egin zuen nabarmen; aurrekontuaren %99 osatu da, hala ere, gutxi gorabehera. Jaitsiera horren zergatia lurraldeen arteko BEZaren doikuntza da. Bizkaiak, bereziki, beherakada handia izan zuen BEZaren bidezko diru-bilketan, petrolioaren salneurriak Bizkaiko energia arloko enpresengan eragin handia izan zuelako”. EAEko hiru lurraldeek poltsa bateratua dute BEZarendako; gero, hiruren artean batu dutena horizontalki banatzen da, lurralde bakoitzaren pisuaren arabera. Hala ere, Foru Aldundiak azpimarratzen du erakundeak “beti” esan zuela Finantzaketa Fondoaren likidazioa “positiboa” izango zela.
"Zuhur" jokatzeko gomendioa
Larrañagak datuaren irakurketa baikorra egin du eta Gipuzkoako udalentzako albiste ona dela nabarmendu. Hala ere, “zuhurtzia” eskatu die tokiko administratzaileei, “nazioarteko eszenatokian dauden ziurgabetasunak horretara behartzen gaituzte eta”. “Eskura ditugun baliabideei ahalik eta etekin gehien atera eta gure erakundeen jasangarritasuna bermatzeko garaia da”, azpimarratu du Larrañagak, eta udalei zentzu honetan lan egiteko eskatu die.