Huhezi, 40. urtemuga ospatzeko gertu

Julen Iriondo 2016ko urr. 18a, 14:23

40 urte dira Eskoriatzako Irakasle Eskola sortu zela, gaur eguneko HUHEZIren ernamuina. Hori dela-eta, MUko fakultateak urtemuga ospatuko du datozen hilabeteetan. Hasteko, gaur, lau hamarkadako ibilbide hori jasotzen duen liburua eta bi ikaslek egindako ikus-entzunezkoa aurkeztu dituzte.

Fakultatearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldiak gaur hasi dira, haren historia eta mugarri nagusiak jasotzen dituen liburuaren aurkezpenarekin. 40 urtean euskal gizartean eragiten. Irakasle Eskola-Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI) izenburupean, Iñigo Ramírez de Okariz ikertzaile eta irakasleak egindako liburuak datu, grafiko eta argazki ugari jasotzen ditu.

Eskoriatzako Irakasle Eskola 1976an sortu zen, "garai hartako hezkuntza-sistemak aurrean zuen erronka handiari erantzuna emateko: irakasle euskaldunak sortzea".

Ordutik, eta 1997an Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultate bihurtuta, guztira 7.058 ikasle hartu ditu. Ikasle horiek Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetan lortu dute euren titulazioa. Horietatik, 6.071 Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan graduatu dira.

"Gaur egun, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea aurreratua eta sendoa da, eta hainbat prestakuntza-aukera eskaintzen ditu.  Izan ere, 40 urte geroago, funtsezko pieza da oraindik hezkuntzaren, kooperatibismoaren, komunikazioaren, kulturaren eta euskararen alorretan", azaldu dute.

MUko errektore Bixente Atxak adierazi du fakultateak 40 urte daramatzala gizartean hezkuntza eta euskara bultzatzen: “Osasun onarekin bete ditugu 40 urteak. Aztarna iraunkorra utzi dugu Euskadiko euskarazko hezkuntzan.  Eta, orain, aurrera begira gaude etorkizuneko eskola diseinatzeko, etorkizuneko profesionalen prestakuntzaren bidez”.

Bestalde, Begoña Pedrosa dekanoak azaldu du HUHEZIk hezkuntza-berrikuntza eskaini behar diela bere ikasleei, oinarri hauekin: “Unibertsitate-bizitzako esperientzia berezia, metodologia aktiboetan oinarritua, kooperatibismoaren balioak oinarri dituen pertsonen prestakuntza, euskaldun identitate batekin eta nazioarteko beste esperientzia batzuei irekia”.

Fakultatearen etorkizuneko erronken artean azpimarratzekoak dira, alde batetik, berrikuntza pedagogikoa, "hori baita etorkizuneko gizarte-aldaketen ernamuina": "Arlo horretan eragile aktiboa eta liderra izaten jarraitu nahi du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak; bestetik, ikerkuntza eta transferentziaren eredu propio baten aldeko apustua, HEHEZIren proiektua indartzeko; eta azkenik, hezkuntza kooperatiboa ezaugarri nagusietako bat duen proiektu hau osatzen duten pertsona guztien garapen integrala ziurtatzea. Gainera, Fakultateak, bere sustraiak galdu gabe, mundura irekitzen jarraitu nahi du, munduan eragiten, ikerkuntzaren  nahiz ikasketa-eskaintzaren alorretako aliantza berrien bidez".

Begoña Pedrosa dekanoaren hitzetan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen helburua hezkuntzaren bidez gizartean eragiten jarraitzea da. Zentzu horretan, zera gehitu du dekanoak: “Gure gizartea hobetzen lagundu nahi dugu. Alde batetik, profesional onak, arduratsuak eta konprometituak prestatuz. Eta bestetik, ikertuz, eta transferentziaren bidez, gure ezagutzak gizartearekin partekatuz”.

Lau hamarkadako ibilbidea ospatzeko, udaberrian egingo dituzte hainbat ekintza, ludikoak eta akademikoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak