Minutu bati dagokion soldata, besteei laguntzeko

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 14a, 13:59

Hegoaldeko herrialdeetan lan aukerak sortzen laguntzeko eguneroko soldatatik minutu bat ematera animatu nahi dute jendea. Jasotako ekarpenak fundazioak Mozanbiken, Brasilen eta Kuban dituen proiektuetara bideratuko dituzte. Gaur, astelehena da Pobrezia Erauzteko Nazioarteko Egunaren eta horren harira jarri du martxan Mundukidek Minutu bat egunero kanpaina.

Zortzi orduko lan jarduna burutzen duten pertsonek egunero 480 minutu igarotzen dute lanean, eta fundazioak herritarrak animatu nahi ditu minutu horri dagokion soldataren kopurua dohaintzan ematera, garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko.

On line kanpaina

Horretarako, minutubategunero.org webgunea ireki du Mundukidek. Atari horretan edonork izango du hilean behin eman nahi duen kopurua kalkulatzeko aukera, eta dohaintza emaitza horren arabera egin dezake hala nahi duenak. Hala ere, eman nahi duen diru kopurua honezkero badakitenek ere izango dute webgunearen bidez dohaintza egiteko aukera.


Bi helburu erdietsi nahi dituzte kanpaina berri honekin. Lehena gizartea sentsibilizatzea da, eta erakustea keinu txikiekin asko egin daitekeela. Izan ere, gaur egun biztanleriaren %1ak munduko aberastasun osoaren ia erdia dauka, milioika pertsonek euro bat baino gutxiagoren truke lan egiten duten bitartean. "Bakoitzak keinu txiki bat egiten badu, eta ondoren keinu horiek guztiak batzen baditugu, eragina oso handia izan daiteke", adierazi du Raul Gartziak, Mundukideko presidenteak.

Lana oinarri

Horrez gain, Mundukidek Mozanbike, Brasil eta Kubako pertsona gehiagorengana heltzeko bazkideak lortu nahi ditu, bertakoen oinarrizko baldintzak ziurtatu eta lan egiteko aukera izan dezaten. Izan ere, Mundukideren lana batez ere "lan aukerak sortzera bideratuta" dagoela azaldu du fundazioko kide Enara Ruiz de Eginok. Horretarako, leku bakoitzaren egoerara moldatzen dira. Hala, Mozanbiken gehienbat nekazaritza arloa bultzatzen dihardute, eta Brasilen eta Kuban, berriz, ekintzailetasuna.

Mundukide orain kanpaina Kooperatiba desberdinetan aurkezten arituko da, ekimena ezagutzera eman eta zabaltzeko asmoz. Dena den, Minutu bat egunero kanpaina edozein norbanakori irekita dagoela gogorarazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak