"Asko dira euskaraz jakin, baina hitz egiteko zailtasunak, lotsak eta trabak dituzten lagunak. Jende askoren harreman sareak erdaldunak dira eta horrek zaildu egiten du euskara jakitetik euskaraz berba egiterako pausua ematea", azaldu du Nerea Zubillaga BARRIKETAN egitasmoaren koordinatzaileak.
Mintzapraktika egitasmoan euskaraz naturaltasunez moldatzen diren lagunak mintzamena hobetu nahi dutenekin elkartzen dira, gustuko dituzten ekintzak burutu ahala, euskaraz berba egiteko. "Hiruzpalau partaideko taldeak osatzen dira, eta talde hauek maiztasun jakin batekin elkartzen dira –gehienak astean behin ordu batez– euskaraz berba egiteko. Tarteka, ekintza osagarriak ere antolatzen dira, egitasmoan parte hartzen duten talde desberdinetako partaideak elkar ezagutzeko: mendi eta kultur irteerak, afariak eta Euskal Herri mailan Mintza eguna bezalako jaiak", dio Asier De la Flor BERBALAGUN egitasmoko koordinatzaileak.
Egitasmoko kideen esanetan, ziurtatuta daude giro atsegina, hurbila eta parte-hartzailea. Gaineratu dute, azken urtetako inkestak kontuan hartuta, tresna interesgarria eta eragingarria dela euskaraz funtzionatzen duten harreman sareak eta ohiturak sortzeko.
Parte hartzeko deia
Arrazoi desberdinak egon daitezke egitasmo honetan parte hartzeko, baina guztien helburua da aisialdia euskaraz gozatzea eta lagun giro euskaldun bat sortzea. Hori dela eta, parte hartzeko deia luzatu dute. "Egitasmo hauetan parte hartzera gonbidatzen dugu ikasle, irakasle, aiton-amona, guraso, langile eta orohar bere buruari erronka txiki bat jarri nahi dion herritar oro, denon artean posible baita hizkuntza komunitatea indartu eta egonkortzea. Nahi al duzu nirekin euskaraz hitz egin? Konturatzerako euskaraz", zehaztu du Kepa De Vega BERBETAN egitasmoaren koordinatzaileak.
Partaide izan nahi duenak, antolatzaile diren erakundeetan eman beharko du izena, AED elkartean, Jardun euskara elkartean, Oñatiko Berbalaguna elkartean, Loramendi elkartean, Eskoriatzako Udalean edota Elgetan berbetan elkartean, hain zuzen.