'Bizitza bi aurrez aurre' liburua aurkeztu du Juan Mari Zulaika frantziskotarrak

Eneko Azurmendi 2016ko ira. 22a, 11:14

Arantzazun elkar ezagutu zuten bi frantziskotarren bizipenak batzen ditu liburuak. Kontrajarriak ziren bi erregimenen errepresioak jasan zituzten batak zein besteak, Fidel Castroren eta Francoren jazarpenak, hain zuzen. Idazlea bera da protagonistetako bat, Miguel Angel Loredo kubatarrarekin batera.

Arantzazun ezagutu zuten elkar Migel Angel Loredo kubatarrak eta Juan Mari Zulaikak berak, eta bertan sendotu zuten haien arteko harremana. Bi teologo frantziskotar ziren, Arantzazuk batu zituenak.

Ondoren, haien bizitzak aldendu egin ziren eta aldentzeaz batera, istorio berdintsua bizi izan zuten biek, antagonikoak ziren bi erregimenen errepresioak jasan zituzten eta. Hori da, hain zuzen, liburu honek azaltzen duena.

Alde batetik, Loredo, Fidel Castroren erregimen komunistak atxilotu zuen, gizon bat bahitzea leporatuta. "15 urteko kartzela agindu zioten eta ia 10 bete zituen. Kartzelan sartu aurretik, 40 edo 60 egun igaro zituen torturatuta. Argirik gabe, jan ere desordutan, lo egin ezinik eta bahituta, inork ez baitzekien non zegoen", azaldu du Zulaikak.

Idazlearen esanetan, izen eta ospe handia zeukan Loredok Kuban eta estatuari ez zitzaion hori gustatzen. "Oihartzun eta distira handia ematen zuen Habanan eta inguru haietan. Gainera, jende asko erakartzen zuen, gazteria batez ere. Batetik, bibliako klaseak ematen zituen eta bestetik, liturgia berria ere eraman zuen. Izan ere, hemendik oso ondo prestatuta joan zen, ikusmira berriarekin. Horregatik, uste dut elizari hegoak ebaki nahi izan zizkiola bertako erregimenak", azpimarratu du idazle zarauztarrak.

Espainiar estatuan, berriz, Francoren errepresioa nagusitu zen urte haietan. Zulaika bera Zamorako Konkordatu Espetxean egon zen preso, hainbat alditan. "Frankismoaren azken 15 urtetan erresistentzia pizten eta indartzen joan zen. Ez bakarrik kalean edota langile mugimenduan. Abade eta fraileak ere ez ziren atzean gelditu. Elizak berak enfrentamendu gogorrak eduki zituen estatuarekin", azaldu du.

Nazioarteko laguntza

Biek ala biek, Nazio Batuen Erakundera eta Ginebrako Giza Eskubideen komisioarengana jo behar izan dute, bata Kubako preso politikoen bozeramaile eta bestea, berriz, Frankoren krimenen salatzaile, Argentinar kereilaren bitartez.

Hala ere, idazleak aitortu du bere kasua hobetu hartu dutela kubatarraren aldean. "Loredok susmatzen zuen bere kasua ez zutela oso ondo hartu", dio.

Gaineratu du, Espainiako estatuaren aldetik ez duela aurrerapausorik espero. "Ez digute kasurik egiten eta PPren Gobernuak jarraitzen badu, oraindik gutxiago. Horregatik jo dugu nazioarteko erakundeengana", zehaztu du.

Salgai

Liburua Arantzazuko dendan, Arrasateko Eroskiko kioskoan eta Ttukun dendan egongo da salgai, 10 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak