19 lagun kaleratu zituen Fagor CNA Groupek uztailean

Leire Kortabarria 2016ko ira. 14a, 15:31

Fagor CNA Group-ek 19 langile kaleratu zituen uztailean, kostuak murrizteko, langileen ordezkariek diotenez. Enpresak onartu du “irteerak” gertatu zirela, eta “Fagorren sendotze fase berrira egokitzeko” gertatu zirela esan du.

Eguaztenean zenbait komunikabidek argitaratu dute uztailean maila ertaineko 19 zuzendari kaleratu zituela Fagor CNA Groupek, eta beste bi langileri ez ziela kontratua berritu. Arrasateko Garagartzako lantegikoak dira horietatik 15, eta beste laurak, Geyser Gastech-ekoak.

Erdi mailako arduradunen artean zeuden industria zuzendaria, mantenuko arduradun bat, saileko teknikari bat, nazioarteko salmenten arduraduna, zuzendari komertziala, product managerra, doitzailea, I+G zuzendaria eta zonaldeko zuzendari bat.

LABek esan duenez, enpresak emandako arrazoia da ekoizpena murriztu egin dela eta kosteak ere murriztu egin behar direla. LABen esanetan, ordea, gastuen %15 bakarrik dira lantalde gastuak.

Informazio hori guztia konfirmatu diote GOIENAri enpresako Arrasateko iturriek.

"Eskakizun berriak"

Edesa Industrialek prentsa ohar bidez erantzun dio informazio horri. Hala, jakinarazi du bere lantaldea “berregituratu” duela “Fagorren sendotze fase berrira egokitzeko”.

Prentsa oharrak dioenez, enpresak bukatutzat jo du “hasiera fasea” eta bere operatiba “optimizatzeko” helburuarekin 19 lagun “irten” dira lantaldetik. Joan den uztailean izan zen irteera hori.

Fagor CNA Groupek dioenez, 2016ko lehenengo erdian, fakturazioa %80 baino gehiago hazi zen iazko emaitzekiko. Horrenbestez, enpresak “komenigarritzat” jo du “antolakuntza proiektuaren eskakizun berrietara egokitzea”, izandako hazkundeari “jarraipena” emateko eta “eraginkortasun operatibo handiena bermatzeko”.

Fagor Etxetresnetako langile ohiak

Fagor CNA Groupen lantaldeko 240 kide inguru Fagor Etxetresnetatik irtendako langileak dira. Mondragon Korporazioak honako hau esan dio GOIENAri langile horien inguruan: "Araudian, erregulatzeko eta marko konpartitu bat emateko honetara heldu ginen: 2017ko abenduan, urte bukaeran, 3 urte betetzen dira gehienak joan zirenetik. Momentu hori heltzen denean, eman zitzaien aukera eurek erabakitzeko birkokagarri bezala bueltatzen diren Taldera edo bertako proiektuan jarraitzen duten. Gaur egun beraz hori da egoera. Bertan ari dira lanean, eta epe hori heltzen denean ikusiko dugu zein den soluzioa, zeintzuk bueltatzen diren eta zeintzuk erabakitzen duten bertan gelditzea".

Euskadin sei ekoizpen unitate ditu Fagor CNA Group-ek. Lehen urtea 100 milioi euro inguruko fakturazioarekin, 500 langile baino gehiagorekin eta mundu osoko ezarpen komertzialarekin itxi zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak