Aramaion eta Arrasaten geratu dira Monteko porraren sari potoloenak aurten. Xantini lagunarteak antolatzeari utzi ostean, aurten Frantziako Tourra antolatu du bakarrik Arrasateko taberna ezagunak. Izan ere, Monteko arduradunek ez zuten asmorik porra antolatzeko. "Gehiegizkoa ari zen izaten. 60 laguneko porra batekin hasi zen guztia eta azken urteetarako horren handia bihurtu zen... Diru mordoa mugitzen zen, lan handia eskatzen zuen. Xantini lagunarteak 25 urte zeramatzan antolatzen eta amaierarako potroetaraino zeuden", adierazi du Monteko arduradun Aitor Etxagibelek.
Parte-hartzaile kopurua, erdira
Oinarri-arauak mantendu badira ere, Monteko porrak jatorrizko izaera berreskuratu du. Internet-etik ez da egon aukerarik izena emateko eta komunikabideetan ez zuten egingo zutenik jakinarazi. Horrela lortu dute parte-hartzaileak erdira jaistea eta gehienak ingurukoak izatea.
Lehen saria, Aitor Aiastuirendako
Sariek ere behera egin dute nabarmen, baina oraindik oso erakargarriak dira. Lehen saria Aramaiora joan da, 6.060 euro eraman ditu Aitor Aiastui ziklismo zale aramaioarrak. Argi dauka zein izan den saria eman dion txirrindularia: "Nik uste dut Majka izan dela. Mendiko Saria irabazi du, etapetan asko puntuatu du, eta jende gutxik zeukan. Beste guztiek ere puntuatu didate; egia esan, borobil irten zait guztia".
Bigarren saria, porrako 'klasiko' batendako
Bigarren saria herrian bertan geratu da. Urtero parte hartu izan duen Alberto Gorroñogoitiak eraman du, azkenean, merezitako saria: "Ia 4.000 euro, diru asko da. Baina bazen garaia. 25 urte daramagu porra egiten, senitartekoen artean. Noizbait irabazi izan dugu zerbait, baina horrenbeste inoiz ez. Ordua zen". Ondo baino hobeto ezagutzen du Monteko porra Gorronogoitiak. "Berezia" dela dio: "Aurten egingo ez zela-eta, eskatzen ibili ginen antolatu zezatela. Guretako oso tradizio dibertigarria da, kuadrilan asko ematen du komentatzeko-eta". Purito eta Alejandro Valverde izan dira Gorroñogoitiaren kinielako gakoak.
Hirugarrena ere Aramaiora
Bestalde, hirugarren saria ere Aramaion geratu da. 1.893 euro eraman ditu Mikel Arriolabengoak. Sei edo zazpi urte daramatza parte hartzen eta lehen aldia da kobratzen duena. Bere kinielaren sekretua kontatu du GOIENAko kameraren aurrean: "Uste dut konbinazioa izan dela: Porte podiumetik gertu, Bardet bigarren... Eta gero jende askok ez zituenen artean Kreuziger, Valverde eta Alaphilippe kokatuko nituzke".
Datorren urtera begira
Italiako Giroan ez zen porrarik egon eta Espainiako Itzulian ere ez da egongo. Frantziako Tourrekoa herritarren eta bezeroen eskaerei erantzunda egin zuten eta espero dute hala izango dela datorren urtean ere. "Herriko gauza bat izatea, hori espero dugu. Ea hala suertatzen den", gaineratu du Aitor Etxagibelek.