Diputatuen Kontseiluak diru-laguntza lerro espezifikoa onartu zuen atzoko bilkuran, 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako Udalei zuzendua, eta 864.000 eurorekin hornitua. 48 udalerri daude guztira lurraldean kategoria honetan sartzen direnak; Debagoienean, Antzuola, Elgeta eta Leintz Gatzaga.
Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldutakoaren arabera, ondoko arloekin lotutako inbertsio proiektuak dira babestuko direnak: oinarrizko azpiegiturak –banda zabaleko internet izan ezik-; hiru-ingurune hondatuetan eremu publikoaren lehengoratzea eta bere hirigintza egokitzea –landa-bideak egiteko eta hobetzeko proiektuak ezik-; integrazioa eta kohesio soziala, zahartze aktiboa eta haurrei eta nerabeei zuzendutako ekintzak; eraginkortasun energetikoa hobetzea, kontsumo elektrikoa gutxitzea, edo energia berriztagarrien sistemak ezartzea; eta azkenik, turismoaren sustapena. Proiektuen gutxieneko inbertsioa 8.000 eurokoa izan beharko da.
Diru-laguntza hauekin, Aldundiak "erantzuna eman nahi die udalerri txikiek dituzten beharrei, ongizatearen eta bertako biztanleen bizi-kalitatearen ikuspegitik, udalek aurrekontu murriztuekin azpiegituretan eta komunitate-ekipamenduetan inbertsioak egiteko dituzten zailtasunetatik eratorriak". Bestalde, landa-ingurunean dauden udalerriak dira eta “kudeaketa, eta lurralde eta ingurune oreka funtzioa betetzen dute; gipuzkoar guztiontzako onuragarria, eta beraz, babestu beharreko balioa da”, nabarmendu du bozeramaileak.
Deialdi espezifiko honek, duela gutxi aurkeztutako Landagipuzkoa+ programa osatzen du. Horren bitartez, Aldundiak 25 milioi euro bideratuko ditu 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten herrietara, lau lan ildo nagusiren bitartez: zuntz optikoko sarea hedatzea –banda ultra-azkarra- , ekonomia sustatzeko proiektu estrategikoak, landa eta baserri bideak –gutxienez 1.500 kilometrotan zehar hobetze lanak egitea espero da-, eta sare elektrikoa berritzeko egitasmoa –transformagailu berriak, tentsio altu eta baxuko lineak, eta linea elektrikoa-.