Debagoieneko herri bakoitzak 35.000 euro arteko laguntzak jaso ditzake baserri bideak konpontzeko

Leire Kortabarria 2016ko eka. 10a, 08:00
Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako herri txikietako eta zenbait mankomunitateko ordezkariekin, Albizturren.

Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan dagoen lehen sektoreari lotutako Landagipuzkoa+ egitasmoak 25 milioiko laguntzak banatuko ditu Gipuzkoako herri txikien artean; baina, Gipuzkoako herri guztietarako, beste laguntza atal bat ere badauka programa horrek, baserri bideak konpontzekoa, hain zuzen ere. Debagoieneko herri guztiek, Aretxabaletak izan ezik, eskatu dituzte eta, ezuste handirik ez badago, jasoko dituzte. Laguntza handiak dira kopuru aldetik: 35.000 euro artekoak eta, kasu jakin batzuetan, 50.000 artekoak.

Landagipuzkoa+ egitasmoaren deialdi berria ekainaren 2an aurkeztu zuten Markel Olano diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatuak. Programa Albizturko udaletxean lurraldeko eragile askorekin egindako bileran partekatu zen, besteak beste herri txikietako alkateak, landa garapen elkarteetako zuzendariak, sindikatuetako ordezkariak eta mankomunitateetako presidenteak.

Zuntz optikoa erdiguneetan sartuko dute

Egitasmoak lau programa ditu, bi ataletan banatuta. Atal batek "mamitze-lan handia" eskatzen du oraindik, eta seguru asko "beste agintaldi batzuetan ere" garatu beharko da, Lurralde Orekako foru zuzendari Iñaki Labakak GOIENAri esan moduan. Atal hori da, hain zuzen ere, esklusiboki 2.500 biztanle arteko herriei zuzenduta dagoena; Debagoienaren kasuan, Leintz Gatzaga, Elgeta eta Antzuolari bakarrik.

Atal horren barruan, Zuntz Optikoarena eta Sustapen Ekonomikoko Proiektu Estrategikoak garatuko dira.

Informazio eta Komunikazio Teknologien garapena herriguneetara zabaltzea du helburu lehenak. Zuntz optikoari esker, abiadura azkar edo ultraazkarreko konektibitatea gutxienez herri txikietako erdiguneetara eraman nahi da. Telefonia operatzaileren bat bere kabuz sartu ez den herrietan, Foru Aldundiak diruz lagunduko du sarrera hori.

Bigarrenik, Ekonomia Sustapeneko Proiektu Estrategikoekin jarduera ekonomikoak bultzatzea du helburu Foru Aldundiak. Programa honekin 48 udalerrietan dauden edo egon daitezkeen egitasmo lehiakorrenak eta erakargarrienak diruz lagunduko dira.

Iñaki Labakak honela azaltzen du egitasmoa: "Biztanleriak badu herri txikietara joateko joera bat, baina herri txiki horiek soilik lo egiteko herri bihur ez daitezen, leku berean edo gertuan lanposturen bat baldin badute, jendeak han bizi izaten jarraituko duen berme handiagoa dago".

1.500 km bide hobetuko dituzte

Bigarren ataleko bi programen helburua da landa eremuetan antzeman diren hutsuneei erantzutea. Programak hauek dira: Baserri bideak eta Argi indar sarea berritzeko plana. Baserri bideena da anbizio handikoena. Deialdia Gipuzkoako herri guztiendako egin zen; maiatzaren 26an bukatu zen epea, eta, Lurralde Orekako zuzendariak GOIENAri baieztatu dion bezala, Debagoieneko herri guztiak, Aretxabaleta izan ezik, aurkeztu dira diru laguntza horiek jasotzeko.

Gipuzkoan 3.360 kilometro baserri bide daude eta gehienak egoera txarrean daudela esan zuen Albizturren Ainhoa Aizpuruk, eta gaineratu du gaur egungo egoeraren “argazkia” eta balorazio ekonomikoa egiten ari dela Aldundia eta egitasmo honekin aurreikusita dago gutxienez 1.500 km-tan hobekuntzak egitea.

Iñaki Labakak honako azalpen hauek ematen ditu: "Oraingo terminoetan egin den inoizko lehenengo deialdia da. Orain arte, landa garapen elkarteen laguntzarekin, unean uneko konponketatxoak egin izan dira, baina oraingoan diru laguntza garrantzitsuak emango dira: 2 milioi euroko poltsa sortu da, herri bakoitzak 35.000 euro arteko laguntzak jaso ahal izango ditu, eta, diru guztia banatzen ez bada, kasuistika bereziak ematen badira, 50.000 euro artekoak". Orain arte egindako lan txikiak 2.000 edo 3.000 euroko konponketak zirela argitzen du Labakak.

Oraingo deialdia egin da "beharrak oso larriak" zirelako, Labakaren esanetan. Bideen alderdi guztiak begiratuko dira: "Zorua, hormigoia eta asfaltatzea; ur-bideak edo badenak; ur-kanalizazioa, bide ertzean; segurtasuna bermatzen duten elementu guztiak ere;  murrua, mendia ondoan baldin badu; eta seinalizazioa ere bai". Helburua da bide horiek ibilgailu mota guztietarako eta oinezkoendako egokiak izatea.

37 transformadore aldatuko dituzte

Azkenik, landa eremuetako nekazaritza sare elektrikoak dituen arazoei irtenbidea bilatzea helburu duen programa dago. Gipuzkoako argi indar sarea zaharkituta dago, izan ere, “potentzia igoera edota ustiapen hazkundearekin alta berriak eskatu diren neurrian, beharrak ez dira erantzun egokiekin ase”. Bada, agintaldi amaierarako 37 transformadore berri jarriak izango dira eta kilometro ugaritan altako zein bajako lineak edo hariteriak berrituko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak