Herri galdeketa

Herriaren borondatea azaleratzeko deia

Mirari Altube Arrese 2016ko eka. 3a, 09:45

Gure Esku Dago dinamikak deitutako herri galdeketaren eguna iritsi da. Domekan, ekainaren 5ean, da eta 54.833 debagoiendarrek –aramaioarrak barne– dute aukera independentziaren gainean egindako galderari erantzuteko: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?".

Bozkatzeko eskubidea izango dute 16 urte beteta dituzten guztiek, beti ere Debagoieneko herriren batean erroldatuta egonez gero. Galdeketa-mahaietan ez da hautes-erroldarik egongo, hortaz, baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute boto emaileek espainiar herritartasuna izanez gero: nortasun agiria edo pasaportea; eta bozkatzera doan Debagoieneko herria agertzen ez bada nortasun agirian udaletxean eskatu behar den errolda ziurtagiria ere bai. EHNArekin bozkatzeko ere errolda ziurtagiria behar da. Espainiar herritartasuna ez dutenen kasuan atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ) behar dute; eta bizileku gisa bozkatzera doan herria ez bada agertzen dokumentu horretan, AIZ-arekin batera errolda-ziurtagiria. Identifikazio agiriek jatorrizkoak izan behar dute (kopiek ez dute balio).

Herri batzuetan galdeketa-mahai bat baino gehiago jarriko dituzte herritarrei erraztasunak emate aldera; Aramaion, esaterako, hainbat auzotan jasoko dituzte botoak (guneak eta ordutegia taulan zehaztuta). Herri horietako bizilagunek edozein mahaitan bozkatu ahal izango dute, ez dagoelako hautes-erroldarik.

09:00etatik 20:00etara zabalik

Legeak ez du finkatuta galdeketa egikaritzeko jarraitu beharreko prozedurarik, horregatik Gure Esku Dagok ezarritako protokoloa eta beste herri batzuetan emandako prozedurak jarraituko dituzte, beti ere "berme juridikoak" aintzat hartuta eta "parte-hartzea" bultzatuz.

Galdeketa-mahaiak 08:00etan eratuko dituzte, eta hiru lagun egongo dira horietan: mahaiburua eta bi mahaikide. Jarraipen batzordeko kideek eta segurtasunerako izendatutako lagunek ere bozketa-lekuan egon beharko dute. Ondoren, 09:00etan, herritarrendako irekiko dituzte hauteslekuak eta egun guztian izango dira zabalik; mahaiak itxiko dituzte 20:00etan. Orduan ekingo diete boto kontaketari. Hori guztia antolatzeko eta eguneko kontuei jarraipena egiteko 648 lagunek osatutako taldeak jardungo du lanean.

Botoa emateko lekuak

Boto aurreratua hainbat herritan eman daiteke oraindik. Antzuolan, gaur (11:30-13:00); eta Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan gaur (18:30-20:30) eta bihar (Arrasaten, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00; Bergaran, 10:30-13:30 eta 18:30-20:30; eta Aretxabaletan, 11:00-14:00). Horretarako Erain Debagoienaren edo Gure Esku Dagoren lokaletara jo behar da.

Hautetsontziak egongo diren galdeketa-mahaien ordutegia izango da 09:00etatik 20:00etara.

Jai giroa herrietan

Herri galdeketaren eguna "jai eguna" izan dadin gura dute Gure Esku Dagoko kideek. Horregatik egitarau dotoreak antolatu dituzte herri guztietan. Galdeketa-mahaiak zabaltzearekin batera ekingo diete ekitaldiei, eta egun guztian zehar izango dira, besteak beste, kalejirak, kontzertuak, umeendako jolasak eta herri bazkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak