Aldundiaren 'Etorkizuna Eraikiz' proiektua, biharko erronkei aurre egiteko

Miren Arregi Amasorrain 2016ko mai. 20a, 13:32

Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeak etorkizunera begira dituen erronka nagusiak zehaztuko ditu 'Etorkizuna Eraikiz' proiektuaren bitartez. Proiektuak, esperientzia pilotuak martxan jarri, ebaluatu eta ondoren politika publikoetan txertatzean datza.

Gaur egin dute proiektuaren berri emateko aurkezpena Donostiako Tabakaleran eta besteak beste, EHU, Donostiako Unibertsiatea eta Mondragon Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitateko ordezkari nagusiak batu dira bertan. Izan ere, prozesu guztia gizarte antolatuko eta unibertsitate sistemako eragileekin partekatu eta kontrastatzea aurreikusten da.

GipuzkoaLab eta Gipuzkoa Taldean

Egitasmoa bi zutabe nagusiren bueltan egituratu da. Lehena da GipuzkoaLab deiturikoa eta bigarrena, Gipuzkoa Taldean litzateke. GipuzkoaLabek, ekonomia, gizarte eta kultura arloetan esperientzia pilotuak martxan ipiniko ditu hauek ebaluatu ostean, eraginkor agertu direnak politika publikoetan txertatzeko.

2016an bertan, lau proiektu nagusitan murgilduko da GipuzkoaLab. Horietako bi enpresen arloan gauzatuko dira: partaidetza, batetik, eta genero berdintasuna eta kontziliazioa sustatzea, bestetik. Hirugarren proiektua gizarte politikaren arloan gauzatuko da, adinduen arretarako erreferentziazko zentro baten garapena landuz eta hirugarren sektorea bultzatzeko beste lau esperientzia abian ipiniz. Laugarren ekimenak euskararen arloa jorratuko du, ikus-entzunezko edukiak sortzeko laborategia sustatuz.

 

Bigarren ardatza da Gipuzkoa Taldean. Gizarte antolatuarekin elkarlanean eta etengabeko elkarrizketan oinarritua, Gipuzkoa 2026 Plan estrategikoa osatzea helburu duena. Gizarteko hainbat arlotako 60 ordezkarik osatuko dute gogoeta eta gobernantza organo hau: "Hausnarketa eta ikerketa pausu bat harago eman eta biharko galderei erantzunak ematen lagunduko diguten aplikazio praktiko berritzaileak abian jarri nahi ditugu", azaldu du Olanok.

 

Zeharkako hiru ardatz

 

Bi zutabe horiek osatzeko asmoz beste hiru zeharkako ekimen aurreikusten ditu Etorkizuna Eraikiz egitasmoak. Lehen ekimenak, nazioartekotze sareak, proiektua mundura ireki, kontrastea egin eta kanpoko esperientzia aberasgarriekin elikatzea du helburu.

 

Bigarren ekimenak, Ikergunek, lurraldeko ekosistema akademikoaren aktibazioa izango du xede. Eta hirugarren zeharkako ardatza gizarteratze prozesua litzateke, lurraldearen erronkak eta proiektuaren ondorioak gizartean hedatu, eztabaidatu eta partekatzeko helburua duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak