Latinoamerikako gonbidatu indigenak eta Euskal Herriko kazetari eta komunikatzaileak batu ziren atzo Kulturaten. Hain zuzen ere, Ane Irazabal arrasatearra –Skype bidez hartu zuen parte mahai-inguruan–, eta Arantza Santesteban komunikazio eta genero kontuetan aditua izan ziren Euskal Herria ordezkatzen. Ivan Sanjines zinegile eta komunikatzaile boliviarra eta Bashe Nuhem, Argentinako Chaco probintziako Qom herriko ordezkaria, berriz, herri indigenen izenean.
Hain zuzen ere, bakoitzak bere errealitate eta esparrutik egin ditu aurkezpenak. Esaterako, Ivan Sanjines zinegile boliviarrak herrialdeko errealitate indigenaren berri eman du: "36 hizkuntza desberdin daude Bolivian eta duela hamar urtera arte, ez zegoen ia presentzia indigenarik komunikabideetan", dio.
Ane Irazabal kazetaria, errefuxiatuen krisian komunikabide handiek edo mass-mediek jokatu izan duten eta jokatzen duten paperaz mintzatu da. Irazabalen esanetan, komunikabide handiek erabiltzen duten terminologiak garrantzia handia du eta gainera terminologia horrek beti du kutsu politikoa. Gaineratu du, errefuxiatuen krisian argi ikusi dutela hori, izan ere, bere ustez desberdintasun handia dago hedabide handiek krisia tratatzeko duten moduaren eta freelance ari direnek duten moduan".
Generoaren ikuspuntutik, Arantza Santestebanek dio komunikabide txikietan errepikatzen direla komunikabide handien pautak: "Arazoa da androzentrismoa sartu dela indartsu gugan eta horren aurrean oso kontuz ibili behar gara", dio.
Bashe Nuhem argentinarrak bere aldetik eta besteak beste emakume indigenen eta komunikabideen gaia ipini du mahai gainean. Dio poliki poliki, ari direla geroz eta emakume gehiago alor horretan murgiltzen baina oraindik ere gutxiengoa direla.
Gainera, "errealitate indigena ikusgarri egiteko, gure kultura eta lurraldeen berreskuratze bidean oso garrantzitsuak dira komunikabideak eta bide horretan emakumezko komunikatzaileak behar dira, asko baitugu esateko", dio. Komunikazio erreminten bitartez, bestetik, aurrerapauso handiak egin direla ere nabarmendu du.