Txirrinka egitasmoa aurkeztu dute, "ingurumenari eta lurrari kalte" egiten dioten ekintzen aurkako bizikleta martxa

Eneko Azurmendi 2016ko mai. 18a, 12:58

Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu! lelopean egingo duten bizikleta martxa izango da Txirrinka, lurraren alde eta ingurumenaren zaintzan ari diren hainbat mugimenduek bat eginda sortu dutena.

Txirrinka ekimena burutuko dute maiatzaren 20an, 21ean eta 22an. Bizikleta martxa bat izango da, lurrarentzat kaltegarriak diren ekintza ororen aurkako aldarrikapena egiteko helburuarekin egingo dena. Euskararen alde egiten den Korrika ekimena izan dute erreferentzia moduan.

"Ohartu ginen ingurumenaren aldeko plataformak bakoitzak bere aldetik egiten genuela lan eta ez zegoela batuketa bat. Horregatik, ekimen hau sortzea erabaki genuen. Aurten lehenengo aldia da eta gure asmoa da bi urtean behin lurraren aldeko dinamika ezberdinak antolatzea", azaldu du Mila Elorza Txirrinka ekimenaren antolatzaileetako batek. "Helburua da lurrarentzat kaltegarriak diren ekintza suntsitzaile guztien aurkako aldarrikapena egitea", gaineratu du.

Txandakako bizikleta martxa honek lau zutabe izango ditu, lau irteera puntu. Hendaia, Muskiz, Gasteiz eta Iruñeatik abiatuko dira, eta Euskal Herriko geografia zeharkatu ondoren Bergarako AHTren korapiloan elkartuko dira. Bertatik Angiozarrera oinez joateko aukera ere egongo da, ekitaldi nagusia bertan izango da eta.

Lau zutabeetako bakoitzak aldarrikapen mezu bat eramango du eta Angiozarrera iristean, mezu hori irakurriko dute. Elorzak nabarmendu du edozeinek hartu dezakeela parte bizikleta martxan honetan. "Ekarpen guztiak dira ongi etorriak. Bost kilometro edo hamar. Bakoitzak ahal duena egin eta aldarria bizikleta gainean eramatea da helburua", dio.

Esan bezala, Angiozarren ospatuko dute ekitaldi nagusia, domekan. Bazkaria, kontzertuak eta hainbat ekintzaz osaturiko eguna prestatu dute eta egun handia izatea espero dute antolatzaileek.

Los Zopilotes Txirriaos talde nafarrak ere ekimen honekin bat egin du eta abesti bat sortu du, Txirrinkak Hartu eta Goazen izenekoa.

Aramaion egingo dute lo

Arabako zutabea 17:52ean sartuko da Aramaion, A-2620 errepidetik. Orixol mendi elkarteak eramango du testigua. Hurrengo zatia Gazte Asanbladak eramango du, A-2620 eta A-3941 errepideetan. Aramaion egingo dute lo parte-hartzaileek. Hurrengo egunean, Aramailur elkarteak eta bertso eskolak eramango dute testigua Arrasateraino, eta bertatik Bergararako bidea hartu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak