Eroskik bukatutzat eman du bere negozioaren berregituratze zikloa, eta etapa berri bat hasi du, zeinean hazkunde kuantitatiboa ez den lehentasuna izango, Markaidek esan duenez eta Mondragon Korporazioaren TU Lankide aldizkariak jaso duenez.
Berfinantzaketa eta higiezin-salmenta prozesuan buru-belarri egon da Eroski Taldea azken urteotan. Hala, iaz, zenbait bankurekin zuen 2.515 milioi euroko zorra 2019ra arte berfinantzatzea lortu zuen, eta Espainiako hainbat zonaldetan zituen establezimenduak saltzen ibili da, bere lehentasunezko lurraldeetan zentratzeko. Zazpi ekitalditan galerak izan ditu. Orain, helburua da irabazietara bueltatzea.
Helburua, zorra 1.600 milioitan uztea
Markaidek esan duenez, 2015eko emaitzak krisia hasi zenetiko (2008) hobekuntza handiena erakutsiko du. 2016rako, ezohiko emaitza negatiboak “garrantzitsuak ez” izatea eta irabaziak egotea aurreikusten dute.
Negozioa eraldatzeko eta biziberritzeko hainbat pauso eman ditu Eroskik azken urteetan. Azken hilabeteotan bukatu du higiezinetako desinbertsio prozesua, 700 milioiren truke hainbat supermerkatu eta hipermerkatu saldu ondoren, eta baita 11 eraikin komertzialetan zituen parte-hartzeak ere. Horretatik lortutako diruarekin, zorretan zituzten 500 milioi amortizatu ditu Eroskik, eta bere helburutik gertuago ipini dute talde kooperatiboa: 2019rako 1.600 milioitara murriztea bankuekiko duen zorra.
Plan estrategikoak markatzen duenari jarraituz, Zurekin ereduko supermerkatuak irekitzen jarraitzen du, eta baita frankiziaren eredua zabalduz. Establezimendu berriek bezeroarenganako gertuko izan nahi dute.