Eroski Taldearen esanetan, “saneamendu operazio hau bat dator lehentasunezko negozioak indartzeko Plan Estrategikoarekin; horri esker, Eroskik Taldearen errentagarritasun globala hobetuko du, denda sarea optimizatuta. Operazio honetan, lanpostu guztiei eutsiko zaie; izan ere, langileen lan baldintzak subrogatu egingo dira”.
Eroskiren Sare Komertzialeko zuzendari nagusi Rosa Carabelek baikortzat jo du operazioa, izan ere "epe erdira positiboa izango baita Eroskiren errentagarritasunerako". Gainera, honela esan du Carabelek: "Operazio honekin, amaitu dira hipermerkatuen eta supermerkatuen sarea saneatzeko planean zetozen desinbertsioak", eta hauxe gaineratu du: "Hemendik aurrera, supermerkatu propioak progresiboki irekitzeko erritmoa berreskuratuko dugu, eta frankizia erako denden hedapena bizkortzen segituko dugu".
Espainiako hainbat erkidegotan
Toki hauetako hipermerkatuak sartu dira operazioan: Algeciras, Antequera, Ceuta, Fuengirola, Roquetas de Mar eta Velez-Malaga, hegoaldean. Mediterraneoko arkuan, berriz, toki hauetako zentroak: Aguilas, Amposta, Cornella, Cullera, Denia, Lorcan bi, Murtzia, Ondara, Orihuela, Sa Coma, San Javier, Sant Cugat, Santa Pola, Son Cotoner eta Terrassa. Ekialdean, Huescako eta Jakako hipermerkatuak. Kantabriako erlaitzean, Lalingo, Lugonesko, Mieresko eta Santanderko zentroak. Eta erdialdean, toki hauetako hipermerkatuak: Albacete, Ciudad Real, Cuenca, Logroño, Manzanares, Valladolid, Segovia eta Zamora. Era berean, operazioaren parte dira 22 gasolindegi eta zortzi merkataritza gune saltokiei atxikiak.
Hurrengo urteetan, denda propio eta frankiziatu berriak irekiko dira, eta gaur egungo sarearen zati bat berritu egingo da Zurekin eredu komertzialaren arabera, zeina gaur egun %7ko hazkuntzak izaten ari den salmentetan; horrela, neutralizatu egin ahalko da Eroski Taldearen hipermerkatu sorta horren irteera, Taldearen salmenten %8,5 osatzen baitu.
Gasolindegietako erregaiaren salmenta ere kontuan hartuz gero, salmenten %10,9 osatzen du operazioak.
Horretaz gain, Eroskik Xativako hipermerkatua itxiko du hurrengo hilabeteetan.
Aurrerantzean, ohiko irekierak egingo ditu
Denda sorta horren irteerarekin, amaitutzat jotzen dira Eroski Taldeak bere elikagai banaketaren sare komertzialean egindako desinbertsio operazioak. Hemendik aurrera, sareko dendak irekitzeko, ixteko eta berritzeko kudeaketan hasiko da Taldea, hau da, edozein sare komertzialen berezko eta ohiko kudeaketan. Tartean dago Aretxabaletan ireki nahi duen supermerkatua.
Operazio honetan, Eroskiren aholkulari aritu dira Corporate Finance de Deloitte Financial Advisory taldea eta DJV Abogados bulegoa.
Saneamendu operazio honen ondoren, Eroski Taldeak 53 hipermerkatu eta 1.288 supermerkatu ditu Espainia osoan elikagaien negozioan; horietatik 467 frankiziak, eta, horretaz gainera, hemeretzi cash&carry. Eroskiren sare komertzialaren hedapen estrategiaren barnean, 95 irekiera izan ziren iaz; estrategia horretan, bereziki lantzen da hurbileko supermerkatuaren formatua.
Eroski Taldea liderra da honako eskualde hauetan: Galizia, Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa, Katalunia eta Balearrak; eta, gaur egun, denda frankiziatuen irekiera plan indartsu batean dihardu gainerako eremuetan, eredu komertzial oso lehiakor baten bidez.