Ternua eta Goizper saritu ditu Gipuzkoako Bazkundeak

Eneko Azkarate 2016ko mar. 14a, 08:24

Arrasateko Ternua Group, Antzuolako Goizper Group, Eyher eta Logikaline saritu ditu Gipuzkoako Bazkundeak. Gipuzkoako Enpresaren Sarien XXIV. edizioan saritutako enpresak dira eta aurten banatu dituzten lau sarietatik bi Debagoieneko enpresendako izan dira.

Gipuzkoako enpresek "aberastasuna eta lana" sortzeko egiten duten ahalegina goraipatu dute ekitaldian.

Arrasateko Ternua Groupi egokitu zaio aurtengo Gipuzkoako Enpresa saria. "Negozio ereduaren eraldaketaren erronka gainditzeagatik", krisi ekonomikoak eta merkatuen globalizazioak jarritako zailtasunak gaindituz eta Ternua Group gaur egun dena bihurtuz: "nazioarteko bokazioa duen enpresa proiektu bat diseinuan, berrikuntzan, teknologian eta marketinean oinarrituta".

Enpresa Nazioartekotzeari saria Antzuolako Goizper Group enpresak jaso du. Kasu honetan Gipuzkoako Bazkundeak enpresa honek nazioarteko merkatuarengatik egin duen apustua hartu du kontutan saria emateko orduan, azken urte hauetan Goizper Groupek bere produkzioaren %80a kapoan saltzen du-eta.

ETE Enpresa Industrialaren saria, berriz, Andoingo Eyher-entzat izan da, lurraldeko aktibitate bati jarraipena emategatik ikuspegi berri bat emanaz merkatua eta produktua dibertsifikatuz. 

Abaltzisketako Logikaline, azkenik, Gipuzkoako Zerbitzu Enpresa izendatu dute, 7 hizkuntzatan lan egiten duen "puntako zerbitzu enpresa" izateagatik.

Sari banaketa ekitaldia joan zen barikuan egin zen Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan, Donostian. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan ziren bertan, Gipuzkoako ekonomiaren eta enpresen ordezkaritza zabal batekin batera.

Antzuolatik mundura

Hona hemen, Goizper kooperatibak bidalitako oharra, saria dela-eta:

"Azken urteotan Goizperren esportazioak bere salmenten %80 izan dira. Industria negozioaren produkzio planta bat Txinan dauka, 14 delegazio propio beste hainbat herrialdetan, eta banaketa sare handi bat ere badu, eta horrekin guztiarekin Goizperrek bere produktuak ehun herrialde baino gehiagotan saltzea lortzen du.

Gure produktuak saldu ez edo gutxi saltzen diren herrialdeetan presentzia izatea da funtsean enpresaren estrategia. Azpimarratzekoa da merkatu bakoitza lantzeko izaten den ikuspegi espezifikoa eta desberdina, sektoreari, kulturari, produktuari, balio erantsiko proiektuen garapenari heltzeko modua egokitzeko, I+G+b baliatuz.

Antolaketaren aldaketa, diseinuko orientazioa, produktuen garapena eta produkzio ahalmenak egokitu eta gehitzeko inbertsioak egiteko esfortzu etengabea funtsezko faktoreak dira Goizper taldearen arrakastarako.

Goizperrek bere produktuen markaren irudia sendotu du, nazioarteko merkatuetan eta erabilera zorrotzeneko inguruneetan presentzia sendo edukita eta ibilbide luzea eginda, produktu fidagarriak, profesionalak eta kalitatekoak emanda, bai eta munduko edozein lekutan prestakuntza eta laguntza teknikoko zerbitzu osagarriak eskainita ere.  

Eta sari hori eskuratzea posible izan da Goizper kooperatibako langile guztien ahaleginari esker; izan ere, 1959an kooperatiba abian jarri zenetik, ilusioz aritu dira, belaunaldiz belaunaldi, proiektu guztietan elkarlanean arituta, gaur dena bihurtzeraino: kooperatiba talde bat, hiru negozio arloren inguruan egituratuta: Industria, Ihinztapena eta Bioteknologia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak