35 urtetik gora zain egon ostean iritsi da Udal Legea

Mireia Bikuña 2016ko mar. 11a, 15:00

Urteetako saiakeren ostean, azkena 2014ko azaroan, martitzenean lortu zuten akordioa EAJk eta EH Bilduk udalen finantzazioaren gaineko desadostasunak gainditu ostean.

Legeak udalen eskuduntzak eta finantziazioak arautuko ditu, eta, besteak beste, ezarriko du "ahotsa eta botoa" izango dutela Finantzen Euskal Kontseiluan, hain zuzen ere, diru-sarrerak nola banatu erabakitzen den erakundean: "Orokorrean, espero dugu finantzaketan laguntzea, eta hala izanez gero zalantzarik gabe, lasaiago ibiliko ginateke", dio Elkorok.

37 eskuduntza

Bestalde, udalek izan ditzaketen 37 eskuduntza ere zehaztuko dituzte legearekin; adibidez, honako hauek: gizarte zerbitzuak, berdintasun politikak…Euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko eta parte-hartzea  bultzatzeko baliabideak jartzeko eskumenak ere izango dituzte. Hala, herri kontsulta lotesleak egin ahal izatea baimenduko du. Bestetik, laguntza sozialei dagokienez, diru-sarreren bermerako sistema osoa erreformatzea aurreikusten dute. Hori horrela, eskumenak ondo zehaztuta egotea garrantzitsutzat jo du Elkorok: "Ondo zehaztuko ditu udal gobernuaren eskumenak. Eta gainera, bermatuko du eskumen bat izanez gero, haren finantzaketa".

EAJ eta EH Bilduren artean

EAJko eta EH Bilduko kideak "gustura" agertu dira adosteko gai izan direlako: "Denbora gutxian EAJk eta EH Bilduk lortu duten bigarren akordioa izatea garrantzitsua iruditzen zaigu, urtetan maila horretako akordiorik eta adostasunik lortu ez denean. Bai Eudelen, bai Udal Legearen kasuan akordio zabala lortzeak aurrerantzean bide hori sakontzeko itxaropena ematen du", azaldu du Elkorok, eta Oñatiko alkate Mikel Biain bat etorri da horrekin: "Balioan jarri behar da EH Bilduren eta EAJren arteko akordioaren bitartez herritarrendako garrantzitsua den legea aurrera atera izana".

Sozialistek babestu ez

Alderdi Sozialista, baina, ez da akordioarekin "pozik" agertu. Debagoieneko sozialistekin harremanetan jarrita iritzia eman aurretik legea ondo ezagutu gura dutela jakinarazi dute. Dena den, PSE-EEko idazkari nagusi den Idoia Mendiak esan du egunotan lege proiektuarekin ez dutela konponduko udalen finantziazioaren gaia, eta haren berbatan "Aldundien esanetara" jarraituko dute udalek. Ezker Anitzak eta Ahal Duguk, ostera, guztien arteko adostasuna bota dute faltan.

Udal Legearen lantaldeak joan den martitzenean onartut zuen proposamena, ondoren, batzordean eta osoko bilkuran eztabaidatu beharko da. Dena den, bi erakundeetan gehiengoa dute jeltzaleek eta EH Bildukoek, hortaz, aurrera aterako da ezustekorik ezean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak