Hiriak euskararendako gakoa direla esan dute alkateek Mondragon Unibertsitatean

Leire Kortabarria 2016ko mar. 11a, 15:30

Lehenengoz, euskaldunak dira Euskal Herriko hiriburu nagusietako alkateak. Hori horrela, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak mahai-ingurua antolatu du Eskoriatzako fakultatean. Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Joseba Asiron, Iruñeko alkatea; Mixel Etxebeste, Mauleko auzapeza; Eneko Goia, Donostiako alkatea; eta Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea batu dira eta euskarari buruzko bizipenak partekatu dituzte. Bat etorri dira esaten, ezagutzak aurrera egin badu ere, erabilerak ezetz.

Euskara normal erabiltzea hiriburuetan, bereziki orain arte euskararen presentzia nahi baino txikiagoa izan den horietan: horra hor Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta Mauleko alkateek gaur, eguena, arratsaldean, MUko Huhezi fakultatean egindako Euskal Herriko hiriburuetako alkateak. Euskararekiko harremana eta etorkizuneko erronkak izeneko mahai-inguruan plazaratu duten mezua.

Mahai-inguru historikoa izan da Huheziko Euskara Batzordeak antolatu duena, lehenengo aldiz Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta Iparraldeko bateko alkateak euskal hiztunak direla aprobetxatuta.  

Hiri guztietan aurrerapausoak

Aurkezpenean, Euskara Batzordeko kide Asier Irizarrek azpimarratu du "euskara balioan" jartzea dela helburua. MUko errektore Bixente Atxak esan du "harro" degoela erakundea lau alkateok eta Mauleko auzapezak gonbidapena onartu dutelako, unibertsitatea euskararendako "plaza bikaina" delako.

Euskara eta hiriaren gaia planteatu du segidan Nekane moderatzaileak. Juan Mari Aburtok esan duenez, "hiriak garapenerako leku egokiak" izango dira, eta baita "euskararen arloa aztertzeko" ere. Bilbon, 80.000 euskal hiztun daudela esan du: "Bide luzea daukagu, baina ez gaude hasieran". Azken 10 urteotan, "denon artean", administrazioaren eta gizartearen artean, "izugarrizko aurrerapausoa" eman duela azpimarratu du: "Erronka nagusia da euskararen ezagutzatik erabilpenera ibiltzea". Udalak 10 ardatzeko euskalduntze plangintza diseinatu zuen eta 9. pausoan daudela esan du.

Joseba Asironek begirada atzera bota du Iruñeko ibilbide politikoa eta euskararen egoera eskutik joan direla azalduz: "Eskuina agintean egon den bitartean, euskararendako trabak ipini ditu". 2011n, euskaldun aktibo eta pasiboen kopuruak bikoiztu egin direla azaldu du: "Biztanleriaren %22a euskalduna da; guretzat, datu onak dira, euskararen gorakada nabarmena delako, baina hori erabilpenera eramaten duzunean gauzak asko aldatzen dira", onartu du. "Euskarari prestigioa eman" behar zaiola esan du, eta horretan dagoela Udala. "Asko hobetu beharra dago".

Etxebestek Frantziaren zentralismoaren ikuspuntutik azaldu du frantsesaren nagusitasuna, hango Konstituzioak hala ezartzen baitu. Alderdi pertsonaletik jo du euskararen egoera azaltzeko: "Nik euskara maite dut, baina aita-amek ez dute ulertzen". "Azken 10 urteotan berreskuratzen ari da Iparraldean euskara, bai gizartean eta bai hautetsiek ere", gaineratu du, eta haurren %10ek D ereduan ikasten dutela. Euskaldunon batasunari dei egin dio Iparraldean euskarak aurrera egiteko.

Eneko Goiak "harrotasunez" errepikatu du Donostia dela hiriburu euskaldunena: erabat euskaldunak, %40; kuasi-euskaldunak, %10. "Denok erronka parekoa dugu: erabilera da gure kasuan ere erronka nagusietako bat". Goia "sinistuta" dago "ingurune urbanoan duela euskarak bere etorkizuna, hiriok izugarrizko papera dutela". Hizkuntza sistemaren "fededun peto-petoa" aitortu du bere burua: "Euskara berreskuratzeko oinarria da".

Urtasunen esanetan, "hiriak estatuak baino boteretsuagoak izango dira XXI. mendean", eta haien rol estrategikoa nabarmendu du: "Euskararen etorkizuna definituko da hirietan". Gasteizen, euskarak aurrera egin duela –orain 20 urte euskararen aurkako jarrerak zeudela esan du– baina "erabilera ezagutzarekin bat ez" datorrela onartu du. Alkate gisako lehen neurria "euskaraz egitea" izan zuela esan du.

Ekitaldiak ikusmin handia eragin du

50 urtean lehenengoz eman den konjuntzioak eta mahai-inguruak bailarako alkateak, Euskal Herri osoko komunikabideak, euskalgintzako eragileak, MUko irakasle eta arduradunak... batu zituen Huhezin. Entzuleen izen-emate zerrenda egon zen eta aparkalekuak ere neurtuta zeuden.

 

 

Erlazionatuak

Ekitaldiko argazkiak

Jagoba Domingo 2016 mar 10 Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak