Herri galdeketa

Erain Debagoienak hasi du sinadura bilketa ibarreko hainbat herritan

Xabier Urtzelai 2016ko mar. 5a, 17:14

Goizean eta eguerdi aldean ekimenak burutu dituzte eskualdeko herri gehienetan. Ekainaren 12an egingo duten galdeketarako herritarren sostengu ahalik eta zabalena bilatzea dute helburu erabakitzeko eskubidearen aldeko plataforma berrian.

Honakoa izango da ekainaren 12rako deitu duten herri galdeketan plazaratuko duten galdera: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". Horretarako, lehenik eta behin, Debagoieneko eta Aramaioko 65.000 biztanleetatik %10en sinadura eskuratu nahi dute gutxienez. Sinadura bilketa fase honi erein izena jarri diote.

Antolatzaileek honako hau esan dute: "Denetan egin da ekimenaren azalpena, Gure Esku Dagoren jarraibidearekin hasita toki batzuetan, hasieratik herriotan izan duen jarraipena irudikatzen zituzten argazkien erakustaldi eta argibideekin, atxikimendu sinadurak biltzeko gonbita eginez. Asmoa, indarrez eta ilusioz beteta iristea ekainaren 12an eskualdean deituko den herri kontsultara. Herri guztiotan jarri dituzte mahaiak eta sinatzeko jendearen joan etorria etengabekoa izan da goiz osoan".

Arrasate

Udaletxeko arkupetan eta propio muntatutako karpatxo baten, sinadurak batzeko mahaiak ipini dituzte eta jendea goiz osoan zehar ibili da inguruan, galdeketaren aldeko sinadura ematen.

Horrez gain, galdeketa egunean boluntario gisa aurkezteko aukera zegoen eta horretara animatu dute Erain ekimeneko kideek mahaiaren beste aldetik. Tabernatxo bat ere ipini dute Erainekoek. Horrez gain, photocall antzeko baten parte har zitekeen.

Ekitaldi nagusia 12:00ak pasatxo hasi da. Agertoki batera igo dira Eraineko hainbat kide. Galdeketaren aldeko testua irakurri dute lehenengo, euskaraz eta gaztelaniaz, eta sinatzera deitu dituzte herritarrak. Euskarazkoa Veronica Rios nikaraguarrak irakurri du, eta gaztelaniazkoa, Andre Azurin filipinarrak.

Hona hemen Riosek irakurri duen testua: "Urteotan prestatu duzue lurra, giza-katean eskutik helduta, kolore askotako haziekin, mosaiko erraldoia osatu eta sarea josi duzue, zabala eta sendoa. Sinestu egin dugu: gure esku dago. Orain oihu bat entzun da ozen lur hauetan: Erain Debagoiena, erabakitzera goaz. Gaur hemen ereiaroa ospatzen dugu. Zure sinadura da hazia. Guztion arteko lanak ureztatuko du, eta bozkatzeko aukera da etorkizun hurbilean fruitua emango digun lorea. Askatasunean erabakitzeko eskubidea nahi badugu denon sinadura behar da".

Gero hasi da une bereziena, bozketa bat irudikatu baitute, hautetsontzi baten sartuz botoa eta horrela erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Plazatik ikusten zeuden herritarrek txaloz hartu dute keinu hori.

Bukaeran, bertso emanaldia ere izan da.

Bergara

Bergarako Erain ekimeneko kideek goizean zehar sinadurak bildu dituzte Oxirondo azokako sarreran jarri duten mahaian. 11:30ean, berriz, erreka ondoko bidegorriaren alboan haritza landatu dute, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko mezua daraman plaka bat jarri dute.

Bergarako Udaleko hiru alderdik, EAJk, EH Bilduk eta Irabazik, hain zuzen, eta Podemos-Ahal Duguk babestu dute gaurkoan ekimena, eta euren ordezkariek parte hartu dute landaketan.

Bergaran herritarren ehuneko hamabostak galdeketaren aldeko sinadura ematea jarri dute helburu. Gaurkoan, behintzat, jende asko gerturatu dela azaldu du Maialen Madariaga ekimeneko kideak: "mahaia jarri aurretik ere jendea gerturatzen hasi da; jendeak bazekien zertara gentozen eta horrek asko poztu gaitu".

Haritzaren landaketarekin Erain ekimena bera irudikatu nahi izan dute; izan ere, erein eta eragin hitzak daude izen horren atzean. Era berean, gaurkoan Erain ekimena anitza eta zabala dela erakutsi nahi izan dute. "Alderdi desberdinetako pertsonak elkartu ditugu aniztasun hori erakusteko asmoz", azaldu du Madariagak.

"Aldarrikatu nahi duguna da Gure Esku Dagok aldarrikatu duen gauza bera; erabakitzeko eskubidea gauzatzea eta aurtengo aro berri honi indarra ematea"; hala, herri eta eskualde mailan galdeketa bat burutu nahi dute, eta horretarako, lehenik, ahalik eta sinadura gehien lortu nahi dituzte. Madariaga baikor azaldu da:"Bergaran 2.300 sinadura eskatzen genituen, baina nik uste dut gehiagora ere iritsiko garela"

Aretxabaleta

Aretxabaletan, berriz, gaur goizean Erain Debagoienaren herri mailako aurkezpena egin dute. Betan azaldu dute zer den ekimena, nondik datorren eta zein den bere helburua.  Galdeketara bidean eman beharreko pauso guztiak azaldu dituzte.

Aurkezpena aprobetxatuz, sinadura bilketari ere gaur bertan ekin diote Aretxabaletan. Goiztiarrenak izan dira eurak. 11:00etan Arkupe kultur etxea "txiki geratu" da, antolatzaileek azpimarratu dutenez, eta zinema aretoan gutxienez 50 bat lagunek zutik jarraitu behar izan dute Maider Garai eta Jabier Markosek egindako aurkezpena. "Ekintza jendetsua, giro alaia eta aramaioarrei lapurtutako selfien formula zabaltzen #NikbeERAIN traolarekin", azpimarratu dute antolatzaileek.

Eskoriatza

Aretxabaletan bezala, Eskoriatzan ere herri galdeketaren informazioa zabaltzeko aurkezpena egin dute Zaldibar antzokian. Aurretik, eguerdiko hamabietan, elkarretaratzea egin dute herriko plazan -giza-katea egitea aurreikusten zen baina azkenean ez da egin, euriaren erruz-, eta trikitilariekin kalejiran egin dute antzokirako bidea. Han bildutakoek euren sinadura emateko aukera izan dute.

Antolatzaileek eskertzen dute Zaldibar aretoa "bete-bete egin" izana jendeak. Aitor Agiriano izan da aurkezpenaren gidaria, pausoz pauso azalduz bildutakoei orain arteko bilakaera, Gure Esku Dago ekimenak egindako bidea eta herriak Erain Debagoiena ekimenaren eskutik egingo duena ekainaren 12an hautetsontziak jarri arte. Txalaparta soinua atzean, aurreko zapatuan herria Arrasateko aurkezpenean ordeztu zuten lau herritarrek erabakitze eskubidearen alde sinatu eta
hautetsontzi erraldoi baten bozka antzezpena egin dute. Aurkezpena amaitutakoan ilara handiak sortu dira sinatzeko.

Aramaio

13:00etan hasita, Aramaioko Sastiñan ere Erain Debagoiena elkartea aurkeztu dute, eta sinadura bilketa egin dute. Era berean, kalean jarri dituzten karteletatik txartelak hartu eta argazkia egiteko dei egin dute, ondoren sare sozialetara #nikbeERAIN traolarekin igotzeko.

Elgeta

Elgetaren kasuan, aurki hasiko dute herri galdeketaren aldeko sinadura bilketa. Erronka da 16 urtetik gorako 200 elgetarren sinadurak lortzea.

Leintz Gatzaga

Leintz Gatzagari dagokionez, bihar, domeka, hasiko dira sinadurak batzen. Herriko elkarteetako batzarretara joan, sinadura emateko arrazoiak azaldu eta horrelaxe batuko dituzte. 40-50 sinadura behar dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak