Arnaldo Otegiren askatasuna "albiste ona" dela adierazi dute hainbat alderdik

Mirari Altube Arrese 2016ko mar. 4a, 10:00
Otegi Logroñoko espetxetik irten berri. Argazkia: Josu Lizarralde.

Ezker abertzaleko kideek ez ezik, beste alderdi batzuetako ordezkariek ere "pozik" hartu dute Otegiren askatasuna. EAJk aditzera eman du "bidegabekeria" izan dela eta Ahal Dugu Podemosek dio "giza eskubideen aurka" egon dela preso. 

Batzar Nagusietako kide eta Antzuolako EAJko zinegotzi den Maria Eugenia Arrizabalagaren esanetan Otegiren espetxeratzea "bidegabekeria hutsa" izan da: "Mendeku politikoaren eskutik egindako bidegabekeria, Rafa Diezena bezalaxe. Sei urte eta erdi luze pasa ditu espetxean horretarako inolako arrazoi objektiborik egon gabe".

Kanpora irtendakoan eman duen mezuaren gainean uste du "barne kontsumorako" mezua izan dela: "Ezker abertzaleak bere etorkizun politikoa Otegiren eskuetan utzi duela dirudi, harengan esperantza guztiak jarrita, eta ezker abertzalearen betiko indar politikoa ezagututa harrigarria ere gertatzen da, pertsona batengan jartzea bere proiektuaren etorkizuna". Iraganari eta iraganetik etorritako ondorioei erantzuna ematen asmatu beharko duela uste du eta gaineratu du: "Bai bizitza pertsonala, bai proiektu politikoa gauzatzeko erabateko askatasuna  edukitzea espero dut".

Podemos Ahal Duguren esanetan "bazen garaia"

Podemos Ahal Dugu zirkuluko Igor Urizarren esanetan, "bazen garaia. Iruditzen zaigu giza eskubideen aurka egon dela preso. Gauza bat da ez partekatzea ideia politikoren batzuk baina ezin dena eztabaidan sartu da giza eskubideen urraketa egon dela eta preso politiko moduan egon dela kartzelan sartuta".

Ildo horretan, "aurrera egiteko" aparteko aukera dela uste du: "Gizartea aurrerapausoak ematen dabil eta zentzu horretan alderdi politikoek egin beharko genuke ahalegin bat iragana atzean uzteko behingoz eta hasteko errekontziliazioaz berba egiten, guztiok mahaian jartzen, eta konponbideak bilatzen". 

Alderdi Sozialistari galdetuta, aditzera eman du ez duela adierazpenik egingo horren gainean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak