Independentzia eta "presoak etxera" ekartzea aldarrikatu ditu kartzela kanpoan, oholtza gainetik. "Lehendakaririk onena herria; gora zuek!" esan du. Berbaldi laburraren ostean, lagun eta senideak agurtu ditu, horien artean Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate ohia.
Debagoienetik ere makina bat lagun izan dira Logroñon askatu berriari harrera egiten, besteak beste, Ino Galparsoro, Jose Luis Elkoro, Martin Garitano eta Xabier Zubizarreta eta Josu Lizarralde, besteak beste.
Sortuko kontseiluko kide bezala, Josu Lizarralde oñatiarrak Otegirekin egon eta hura besarkatzeko aukera izan du. "Giro oso hunkigarria, jende andana eta ilusioa" aipatu ditu Lizarraldek. Azaltzen duenez, Arnaldo Otegik Sortuko kontseiluko kideak banan bana besarkatu ditu eta harekin hitz batzuk trukatzeko aukera izan dute animoak emateko. "Momentu erabakigarria" dela dio Lizarraldek: "Sortuz eta EH Bilduz harago, Euskal Herri mailako figura" delako Otegi, "Estatu pertsona bat", hain zuzen. Ezker abertzaleak "aktibo" hori aprobetxatu behar duela dio Sortuko kontseiluko kideak eta Otegi prest dagoela dio bere ekarpena egiteko, "baita lehendakarigai bezala, herri honetako pertsona klabe moduan".
Xabier Zubizarreta ere bertan izan da. Arrasateko alkate ohiak nabarmentzen du "pertsona inportante bat berreskuratu" dela eta haren lehen hitzak entzunda, Zubizarretak dio esandakoarekin asmatu egin duela. "Arnaldo Otegi oso indartsu ikusi dut, oso ondo", dio Zubizarretak. Hark ere besarkada emateko aukera izan du, eta "benetan indartsu" ikusi ei du, "perspektiba galdu gabe". Kontatzen duenez, Arnaldo Otegik "bazekien non zegoen, eta Euskal Herriko egunerokoa urte hauetan ondo jarraitu duela nabaritu" dela azaltzen du.