Haur eta gazteendako irakurgai egokiak aukeratzea ez da gauza erraza. Bada, horretan dihardute azken 25 urteotan Mondragon Unibertsitateko Haur Liburu Mintegian. Hainbat liburutegietako arduradunek eta irakaskuntza munduko profesionalek hartzen dute parte mintegi horretan, eta Eskoriatzako Huhezi fakultatean egiten dituzte lan bilerak.
Helburua da aurreko urtean euskaraz kaleratutako haur eta gazteen liburuak zerrendatzea, aztertzea eta baloratzea. Lan horren emaitza da Mondragon Unibertsitateak urtero kaleratzen duen Haur eta Gazte Literatura gida. Argitalpenak mintegiko kideen iritziz gomendagarriak diren liburuak jasotzen ditu, eta unibertsitatearen atari digitalean aurki daiteke pdf formatuan.
25 urte lanean
Hasieratik dihardu Haur Liburu Mintegian Oñatiko udal liburutegiko Arantzazu Ibarrondok. "Urteotan gure liburutegiek izan duten bilakaera izugarria izan da, eta euskarazko liburuen produkzioak zer esanik ez! Orain 25 urte baino askoz ere gehiago kaleratzen dira", adierazi du.
Nerea Alzola da Haur Liburu Mintegiko arduraduna. "Guk egiten duguna da irakurri, irakurri eta irakurri. Gure artean banatzen ditugu irakurri beharreko liburuak eta gehienetan batek baino gehiagok irakurtzen du liburu bakoitza. Gero aipatzen dugu zer iruditu zaigun. Batzuetan ados gaude, beste batzuetan ez, eta horrelakoetan hirugarren edo laugarren iritzi bat eskatzen dugu. Horrela egiten dugu aukeraketa prozesua".
Oso gomendagarrien gida
Haur Liburu Mintegian zuzenean aztertzen dute euskaraz kaleratzen den produkzioa, eta urteotan 1.600 liburutik gora gomendatu dituzte. Orain, azken hamar urteetako gidak abiapuntu hartuta liburu oso gomendagarrien irakur gida argitaratu dute. 192 liburu jasotzen ditu argitalpen berriak.
Gomendatutako liburu bakoitzaren gaineko informazioa eta iruzkina jasotzen ditu gidak. Taldeak, orain, uztailean argitaratuko den irakur gida prestatzen dihardu. 2015. urteak emandako liburu onenak jasoko ditu.