Lurraldean sortzen den zabor nahasia Debagoienera ekartzea ez dutela onartuko esan, eta Mankomunitateko arduradunei eskatu diete Epeleko zabortegiaren proiektuari ezezko irmoa emateko. Helburu horiei begira lan egingo duen eskualde mailako plataforma bat sortzea da euren asmoa, eta bilera irekia deitu dute datorren martitzenerako, hilak 23, 18:30ean, Arrasateko Kulturateko areto nagusian.
Arrasate, Bergara, Oñati eta Eskoriatzako herriak egon dira mahaian ordezkatuta eta debagoiendar talde zabala atzean, babesa adierazten: Mikel Biain, Oñatiko alkatea; Ino Galparsoro eta Agurne Barruso, Arrasateko eta Bergarako alkate ohiak; Juan Luis Merino, Irabaziko zinegotzia; edota Mila Elortza, AHT Gelditu elkarlaneko kidea, tartean.
Prentsa oharra:
"DEBAGOIENAN ZABORTEGIRIK EZ!!
Gipuzkoako Diputazioa Debagoieneko mankomunitatearekin negoziatzen ari da Arrasate eta Bergara artean hiri hondakinentzako zabortegi bat zabaltzea. Ingurumen diputatuak azaldu duen bezala, Epele da (Azpeitikoa itxi ostean) Gipuzkoako zabor nahasiarentzako zabortegi berria izateko aukera gehien dituen lur eremua.
Honek esan nahi du Gipuzkoa mailan birziklatzen edo konpostatzen ez diren hondakin gehienak Debagoienan isuriko direla inongo tratamendurik eman gabe. Urtean 100.000 Tona zabor (hondakin nahasi) baino gehiago ekarriko dira gure eskualdera, hemen (Debagoienan) 5.000 Tona errefus, soilik, sortzen ditugun bitartean.
Badakigu mota honetako zabortegiek arazo asko sortzen dituztela, bai osasunean baita ingurumenean ere: usain txarrak, arratoi eta hegazti sarraskijaleen ugaritzea, kamioien joan-etorria, metanoa, lurraren okupazio handia, errekak eta akuiferoak kutsatzen dituzten lixibiatuak…
Horrelako zabortegiak ixteko eta berriak ez zabaltzeko konpromisoa hartu zuen Diputazioak eta orain Debagoiena Gipuzkoako zabortegia bihurtu nahi du. Hau onartzen badugu, hurrengoa zer izango da, errauste plantaren eskoriak eta errauts toxikoak ere Debagoienara ekartzea? Zubieta inguruan errauste planta nahi ez duten bezala, guk ere ez dugu nahi zabortegi toxikorik gure eskualdean.
Solidaritatez jokatu beharko genukeela ere entzun dugu batzuen ahotan, eta hain justu ere solidaritatea da guk eskatzen duguna, hau da: "norberak bere etxean ahal duen guztia egitea beste batzuk kaltetuak izan ez daitezen". Izan ere, Gipuzkoako mankomunitate gehienetan ez dute % 50eko gaikako bilketa gainditzen (Txingudin eta Debabarrenan % 40a ere ez!), Debagoienan % 80 inguruan gabiltzan bitartean. Beraz, besteak ARDURAZ jokatzen hasten direnean hasiko gara gu SOLIDARITATEAZ hitz egiten. Orduan hasiko baikara benetako alternatiba bat gauzatzen:
DEBAGOIENEKO EREDUA DA ALTERNATIBA
Konponbidea ez dago azpiegitura garesti eta kutsakorren eraikuntzan, Debagoieneko eredua da konponbide osasuntsu baten adibide garbiena. Gure eskualdean ondo ari gara, izen handiko erakunde ezberdinek zoriondu gaituzte eta Europa mailan erreferente bihurtu gara %78ko gaikako bilketa lortu dugulako. Baina emaitza hau ez dugu lortu debagoiendarrok ingurumenarekiko begirune handiagoa daukagulako, ez. Emaitza hau lortu dugu herri guztietan nahitaezko gaikako bilketa egiten dugulako (edukiontzi bidez herri batzuetan eta kubo indibidualekin besteetan) eta gainera datu horiek hobe daitezkeela uste dugu. Gipuzkoa osoan gure birziklapen maila berdina lortuko balitz, gauzak oso bestelakoak izango lirateke eta ez genuke erraustegi toxiko eta zabortegi kutsakorren beharrik izango.
Diputazioaren erabaki honekin, ematen du ondo ari dena zigortu nahi dutela, eta hori ez da onargarria. Ez dugu onartuko Gipuzkoan sortzen den zabor nahasia gure bailarara ekartzea. Horregatik, Debagoieneko mankomunitateko arduradunei eskatzen diegu Epeleko zabortegiaren proiektuari ezezko irmoa eman diezaioten. Hori entzun arte mobilizazio eta ekintza ezberdinekin jarraituko dugu, eta horretarako eskualde mailako plataforma bat sortzeko asmoa daukagu. Berau sortzeko, bilera ireki baterako deialdia luzatzen diogu Debagoiena Gipuzkoako zabortegia bihurtzea nahi ez duen pertsona orori:
BILERA IREKIA: Otsailak 23, asteartea, 18:30ean Arrasateko Kulturateko areto nagusian.
Parte hartu!! Gero eta jende gehiago eta anitzagoa elkartu, hobe!
Debagoienan egin nahi duten zabortegi kutsakorrarekin arduratuta dagoen herritar talde bat".