Atzo, eguena, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren batzarrean onartu ziren iazko diru-bilketako emaitzak eta likidazioa lurralde bakoitzarendako. Gaur, egubakoitza, Batzar Nagusietan ahaldun nagusi Markel Olanok jakinarazi duen moduan, 2015eko likidazioari dagokionez, Gipuzkoako herriei 437 milioi euro dagozkie, 7,4 milioiko ekarpen osagarria barne. Hala, %4,32 hazkundea izan du Foru Funtsak 2014arekin alderatuta, baina ez da izan esperotako adina. Edozein modutan, likidazioa positiboa izan da. Debagoieneko udal arduradunak beldur ziren azkenean likidazioaren datua negatiboa izango zela eta udalei dirua ipintzea egokituko zitzaiela. Azkenean, alkate baten hitzetan, “uste baino dezente gutxiago” jasoko duten arren, behintzat ez dute dirua ipini behar izango.
Aurtengo, Debagoieneko udalek aurreikuspen onak dituzte, urri bukaeran Foru Aldundian egindako batzarrean jasotakoaren arabera.
Helburutik "gertu" geratu da Gipuzkoa
Gipuzkoako Foru Aldundiak, diru-bilketa aldetik, 2015 “txukun” itxi duela esan du Markel Olanok: “Zerga zuzenen arloan oso emaitza ona lortu dugu eta, zeharkakoen esparruan, urte hasieran jarritako helburutik gertu ibili gara”, esan du. Puntu honetan, petrolioaren prezioaren beherakadak BEZaren lurraldeko arteko doikuntzetan eragina izan duela nabarmendu du, “eta hori dela eta aurrekontua %100ean bete ez eta ia %99n geratu gara”. Hala ere, baikor agertu da Olano, eta etorkizunera begira “zuhurtziaz” lanean jarraitu beharra dagoela adierazi du.
Diputatu nagusia eta Gipuzkoako Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga, Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu dira gaur. Olanok gogoratu duenez, Gipuzkoak 4.104 milioi euro bildu ditu 2015 urtean, %4,3ko eta 168 milioi euroko hazkundea 2014rekin alderatuta.
Emaitza hauekin, lurraldea posizio “erosoan” dagoela esan du etorkizuneko erronkei aurre egiteko. “Etorkizunera begira seriotasunez lan egin behar dugu, eta ditugun baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatu. Aurrera begira baikorrak gara, baina nazioartean ziurgabetasun asko daude eta tentuz ibili beharra daukagu”, esan du diputatu nagusiak.
Ekarpen Lege berria, aurtengo
Ekarpen Lege proiektu berria gauzatzeko konpromisoaren inguruan ere, Olanok irakurketa positiboa egin du. “Abenduaren 16rako lege proposamen berri bat adostea erabaki dugu lau erakundeok eta orain eztabaidatu eta akordio zabalak bilatzeko ordua da”, esan du. Zentzu honetan, Gipuzkoa “bere ekarpena” egiteko prest dagoela adierazi du, “guztion mesedetan den eta denen beharrei era egokienean erantzungo dion Ekarpen Lege eguneratu bat adostu eta lortzerako bidean”.