Orokorrean, bilketaren emaitzak ez dira bete. Hala, Euskadiko Finantzen Kontseiluak aurreikusi baino 224,3 milioi gutxiago batu ziren iaz. Lurralde bakoitzak ipini beharreko kopuruak ere gaur arratsaldean zehaztuko dituzte.
Batzarra Gasteizen izango da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian. Bertan izango dira Ogasun eta Finantza sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiak, Markel Olano, Unai Rementeria eta Ramiro Gonzalez, hurrenez hurren.
Urtero otsailean egiten duten moduan, gaurko batzarrean ere lurralde bakoitzak zerga bidez batutakoa ofizialdu egingo da eta iazko likidazio bateratua onartuko da. Lurralde bakoitzak Doikuntza Funts Orokorrean ipini behar duena ere likidatuko da.
Aurtengo aurreikuspena, 13.498 milioi
Eusko Jaurlaritzak urtarrilean jakinarazi zituen behin-behineko itxierako datuak. Hala, foru ogasunek 12.612,6 milioi euro batu zituzten iaz, 2014an baino %2,4 gehiago, baina hala ere aurrekontuen azpitik. Urrian, datua aurreratzen den hilabetean, aurrekontuekiko beherapena egongo zela esan zen, baina azken zifra baino altuagoa izan zen estimazio hura: 12.836,9 milioi.
Gipuzkoan, 4.104 milioi batu ziren iaz, 2014an baino %4,3 gehiago; Araban, 1.993,1 milioi, %4,88 gehiago; eta Bizkaian, 6.515,4 milioi, %0,49 gehiago.
Aurtengo aurreikuspenak hauek dira: 13.498 milioi euro denetara: Gipuzkoan, 4.330; Araban, 2.104; eta Bizkaian, 7.063.
Markel Olanok bihar, egubakoitza, emango du Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean gaurko bilerako ondorioen berri.