Ikasketak, lan esperientzia... paperezko curriculumak jasotzen duen edukia jasotzen du, funtsean, bideocurriculumak, baina beste modu batean aurkeztuta. Horregatik, lan bila dabilen pertsonaren beste ezaugarri edo gaitasun batzuez jabetzeko ere lagungarri izaten da hartzailearentzako.
Pixkanaka, indarra hartzen ari den euskarria da bideoa –paperezko formatuan egindako curriculumaren osagarri moduan–, baina lanketa bat eskatzen du eta, oraingoz behintzat, ez da hedatu hasieran pentsa zitekeena bezain beste. Bada, horri bultzada bat ematen laguntzeko, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziatik NiNeu izeneko bideocurriculum lehiaketa abiarazi dute, hirugarren aldiz. Aurreko edizioetan 20 bat lan aurkeztu dituzte, bataz beste, eta kopuru hori gainditzea espero dute oraingoan. Izan ere, ikastetxeekin izandako harremanei esker, ikasgelan bertan landu dute askok gaia.
Lau aspektu
Bi kategoria izango ditu lehiaketak, ikasleena bat eta langile edo langabeena bestea; eta 16 urte baino gehiago izatea da parte hartu ahal izateko baldintza bakarra. Epaimahaiak lau aspektu baloratuko ditu: sormena eta originaltasuna, edukia, IKTen erabilera eta komunikatzeko gaitasuna.
Otsailaren 22ra arte aurkeztu daitezke lanak. Sariak, berriz, GOIAZ! Lanbide Heziketa azokan banatuko dituzte. Martxoaren 15ean eta 16an egingo da aurten, Kulturaten. Parte hartzera animatzeko deia egin dute antolatzaileek.