CIES erakundearen azterketaren arabera, Goiena papera-k 38.000 irakurle ditu gaur egun Gipuzkoa osoan; Debagoienan, 33.000. 2014ko datuekin alderatuz gero, 2.000 irakurle irabazi ditu lurraldean eta 4.000 eskualdean.
Goiena papera da, askogatik, idatzizko hedabiderik irakurriena Debagoienean. Eta aldea handitu egin du bigarren irakurrienarekiko, El Diario Vasco-rekiko. Izan ere, honek galdu egin ditu irakurleak 2015ean. 16.000 ditu. Hortaz, bikoiztu egiten ditu Goienak DV-ren irakurleak. Oro har, bai Euskal Autonomia Erkidegoan eta baita lurraldean ere, paperezkoen irakurle kopuruak behera egin du 2015ean ere. Azken urteetako joera da hori. Goiena papera da salbuespenetakoa.
Goiena telebistak 6.000 ikus-entzule egunero
Telebistei dagokienean, audientzia galdu egin dute Euskal Autonomia Erkidegoa. Ez ordea, Gipuzkoan. Goiena telebistak behera egin du, lurraldeko tokiko hedabide nagusiek —Teledonostik eta Hamaikak— bezala. 2015ean, Goienak 2.000 ikus-entzule galdu ditu eskualdean eta lurraldean. Gaur egun Goiena telebistak 6.000 ikus-entzule ditu Gipuzkoan eta 5.000 Debagoienean.
ETB2 da nagusi lurraldean eta eskualdean. 150.000 ikus-entzule ditu lurraldean eta 16.000 eskualdean. Nabarmena da ETB1ek izan duen gorakada eskualdean, bigarren kate bihurtuz: 9.000 ikus-entzule. Halere, Tele 5, La Sexta eta Antena 3 kateek ere 9.000 ikus-entzule dituzte Debagoienan eta TVE1ek, 8.000.
GOIENA.EUS hazi eta hazi..., eta errekorra
GOIENA.EUS ere hazi egin da 2015ean. Google Analytics-en arabera, %30eko hazkundea izan du bisitei dagokienez eta %40ekoa bisitari bakarrei dagokienez. Gainera, 2015ean, inoizko errekorra lortu du Debagoieneko albistari digitalak: 33.828 bisita martxoaren 23an, Korrika eskualdetik pasa zela-eta. Batez beste, gaur egun, 5.000 bisitari bakar ditu, egunero, GOIENA.EUS-ek, astean zehar; zapatu eta domeketan jaitsi egiten da bisita kopurua.