Herri txikienek hartu dute egoera kontrolpean aurtengo Toberan

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko abe. 29a, 15:08

Aretxabaletak Eskoriatza salatu du aurtengo herri antzerki satirikoan eta Kurtzebarri mendiko gurutzea zein herriren esku geratuko den erabaki behar izan zen atzo, Inuxente eguna, Eskoriatzako kiroldegian egin zen epaiketan. Hauxe izan zen epaia: aretxabaletarren eta eskoriatzarren artean gurutze berri bat eraiki beharko dutela, ez mugak zehazteko, baizik eta bi herrien topaketak irudikatzeko; mendiaren izena ere aldatu egin beharko dute, Elorreta Berri izena hartuko du; eta herri txikienekin hurrengo urtetik aurrera Debagoieneko Eguna ospatu beharko dute.

Aretxabaletarrek ez zuten iazko epaia bete, eta horren aurrean, eskoriatzarrek Kurtzebarri mendiko gurutzea hartu zuten. Gurutzea zein herriren esku gelditu behar zen erabaki behar izan zuten atzoko epaiketan, baina emanaldiaren amaiera aldera ikusi ahal izan zen gurutzea oporretan Hawai aldera joanda zegoela. Beraz, epaileak erabaki zuen onena bi herrien artean elkarlanean gurutze berri bat egitea izango zela. 

On Prudentzio Piper Hautsa epailea adinean gora eta osasunean behera doala ere ikusi ahal izan zen atzoko ikuskizunean, izan ere, epaiketa hasita zegoela, ospitalera eraman behar izan zuten gaixo. Hari erreleboa hartu zion epaile bezala, Justina Pitufina epaileak.

Herri txikienen matxinada

Debagoieneko herri txikienen matxinada ere irudikatu zuten Toberan. Bertan parte hartu zuten Antzuolako, Aramaioko, Elgetako eta Leintz Gatzagako ordezkariek. Antzuolako alardeko jeneralak, esaterako, esan zuen Bergararen menpe egon zirela 1629ko abenduan independentzia lortu zuten arte, haien "handikeriaz zapalduta". Hori defendatzera irten zen oholtza gainera, bestalde, ikus-entzuleen artean eserita zegoen Telesforo Monzon bergarar eta euskaltzalea.

Santa Kruz apaizak defendatu zuen, bestetik, Aramaio. Zortzi eliza eta ermitetan beste 15 aldare dituztela adierazi zuen bertsotan, eta gaineratu, beste 24 elkarte gastronomiko dituztela. Horrez gain, azaldu zuen "patateroak" direla, arabarrak, eta Debagoienari esan zion onartzeko haiek direla bailarari "nazioarteko ikuspegia" ematen diotenak.

Epaian datorren urtetik aurrera herri txikienek Debagoieneko Eguna ospatuko dutela azaldu zuen epaileak.

Bagara Herrigintza Elkarteak aurten bosgarren urtez antolatu du Tobera Debagoienean eta antolatzaileak pozik gelditu ziren izan zuen harrerarekin. 

Gaur, Goiena telebistan

Tobera oso-osorik ikusi ahal izango da gaur, martitzena, Goiena telebistan 21:00etan.

Erlazionatuak

Toberako argazkiak

Imanol Soriano 2015 abe 29 Aretxabaleta   Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak