Elikagai Bankuaren bilketa berezian iaz baino gehiago jaso dutela aurreikusten dute boluntarioek

Maite Txintxurreta 2015ko abe. 10a, 15:08

Azaroaren 27an eta 28an  bilketa berezia jarri zuten martxan Gipuzkoako Elikagai Bankutik hirugarren urtez, janari bilketa puntuak ezarriz hainbat supermerkatu eta komertziotan. Iaz 190.000 elikagai kilo jaso zituzten, eta oraindik zenbaketa egiteke dagoen arren, aurten zifra hori gainditu dutela uste dute boluntarioek. Aurten, gainera, lehen aldiz bonuen bidez laguntzeko aukera ere jarri dute martxan; positiboki baloratu dute ekimen horri herritarrek emandako erantzuna.

Bergarako elikagai bankuan jada klasifikatu dute bilketa berezian jasotakoaren erdia baino gehiago, Jose Antonio Agirrebeña boluntarioak azaldu duenez. Hala, guztia sailkatu eta produktuen inbentarioa egin ostean, prest egongo dira urtean zehar elikagai horiek banatzen joateko.

Jasotako guztia ez dago oraindik zehazki zenbatuta, baina iazkoa baino gehiago izatea aurreikusten dute. Hemendik hilabete ingurura jakingo dute zehazki zenbat kilo jaso diren.

Aurtengo bilketak, gainera, berritasun bat izan du. Elikagaiak jasotzeaz gain, bonuak ere eskaini dituzte, jendeak diruz lagundu ahal izateko. Bonuen bidez jasotako dirua elikagai bankuak berak erabiliko du gehien behar diren produktuak erosteko. Agirrebeñak azaldu du jendeari gustatu zaiola ideia, eta pertsona nagusientzat bereziki erosoa dela.

Gaur gaurkoz, Bergarako Elikagai Bankuak lau mila laguni ematen die jaten. Orain, gabon garaia gertu dela, betiko banaketarekin jarraituko dute, baina sasoi horretako produktuak ere banatuko dituzte. Esaterako, turroi dezente jaso dute oraingo bilketan; hala, ohiko banaketaz gain, horrelakoak ere gehituko dituzte.

Boluntariotza saria

Gipuzkoako elikagaien bankuak berriki 2015eko boluntariotza saria jaso du. Aitortza hori lanean jarraitzeko bultzada dela dio Agirebeñak. Bertan dabiltzan boluntario denei eskerrak eman dizkie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak