Emakumeen kontrako indarkeriak gaur egungo gizartearen arazo latzenetakoa izaten jarraitzen du, eta horren adibide dira datuak. Bergaran, esaterako, Udaleko gizarte zerbitzuek emandako datuen arabera, azarora bitartean emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutako 33 interbentzio egin behar izan ditu Udalak aurten. Arrasateko Udalean bestalde, 2015ean 13 kasu berriri eman diete laguntza, eta horietaz gain, aurretik ere laguntza jasotzen zuten 23 pertsonarekin lanean jarraitu dute.
Udalen adierazpenak
Gauzak horrela, ibarreko hainbat udaletan gaiarekin lotutako adierazpen instituzionalak onartu dira osoko bilkuretan, esaterako Bergaran, Aretxabaletan eta Aramaion. Eta adierazpen horietatik egiten den irakurketa orokorra da emakumeen kontrako indarkeria "arazo estrukturala" dela, gizartean bertan dagoela indarkeria mota horren abiapuntua, eta ondorioz, gizartea bera dela aldatu beharrekoa.
Azken egunotan ere hainbat ekintza burutu arren, gaur Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean bertan izango dira ekitaldi gehienak. Hala, arratsaldean, Leintz Gatzaga salbu, beste herri guztietan izango dira elkarretaratzeak. Biolentzia matxistarik ez! edo Emakumeenganako indarkeriarik ez! izango dira berauetako zenbaitetan erabiliko dituzten leloak, eta zenbait kasutan gainera, elkarretaratze bereziak izango dira: Bergaran, esaterako, Martxanterak taldeak antolatuta, akelarrea egingo dute, eta indarkeria sexistarekin lotutako esaldi edo objektuak erreko dituzte.
Zapata gorriak eta hitzaldiak
Bestelako ekitaldirik ere egongo da. Oñatin (18:00) eta Elgetan, gorriz margotutako ehun zapata pare plazaratuko dituzte Elina Chauvet artista mexikarrak Ciudad Juarezen emakumeek jasaten duten errealitatea salatzeko egindako protesta ekimenaren erreplikatik abiatuta. Eskoriatzan, 18:30ean Las raices profundas de la violencia izeneko hitzaldia eskainiko kultur-etxean du Valentin Zurbanok eta Aretxabaletan, bestalde, 19:30ean, elkarretaratzearen ostean Ez gara Palestinaz ari ikuskizuna egongo da Arkupen.
Sentsibilizazio kanpaina
Bideberri Mankomunitateak – Antzuolak, Elgetak eta Gatzagak osatua – urte osoan zehar eusten dioten sentsibilizazio ekimenekin jarraitzen dute egunotan. Elgetan joan den asteburuan bertan egin dute autodefentsa ikastaroa, urtarrilean Antzuolan egingo duten bera (izenematea, abenduan). Gaurko salaketa egunarekin lotuta, puntu morea duten zapiak ere eskuragarri daude udaletxeetan balkoietan eskegitzeko (2 euro).