Aurten 33 interbentzio egin ditu Udalak emakumeen kontrako indarkeriarekin lotuta

Jon Berezibar 2015ko aza. 23a, 11:10

Azarora arteko datuak eman dituzte Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuek. 33 interbentzioetatik, erasotuen gehiengoak eraso psikologikoak eta fisikoak jasan dituzte eta bikotekidea ala bikotekide ohia izan da erasotzailea. Biharko salaketa egunaren harira, elkarretaratzeetara batzeko deia egin die Udalak herritarrei.

Aurten oraingoz, udal Gizarte Zerbitzuek 33 interbentzio egin dituzte eta horietatik 8 izan dira kasu berriak. Indarkeria motaren arabera banatuta, eraso psikologikoak %75ak jasan ditu, indarkeria fisikoa %62,5ek eta eraso sexualak %25ek. Adinari dagokionez, %37,5ak 31 eta 40 urte artean ditu, %25ak 18 eta 30 artean, eta, jatorriri begiratuta, %62a Euskal Autonomia Erkidegokoa da, %12,5a Espainiako erkidego bateko eta %25 da beste estatu batekoa.

Erasotzaileen %75 bikotekidea ala bikotekide ohia izan da, jatorriz, %50a Euskal Autonomia Erkidegokoa, %25 beste autonomia batekoa eta %25 beste estatu batekoa. 

Udalari dagokionez, eskaintzen dituen laguntza moten arabera, 14 erasoturi laguntza psikologikoa eman zaie, 13ri aholkularitza juridikoa (horietatik bat, Aldundiaren bitartez) eta batek alojamendu laguntza behar izan du Udalak emaniko datuen arabera.

Hala, azaroaren 25eko ekintzetan parte hartzeko deia ere luzatu du Bergarako Udalak. Hiru dira egingo diren ekintzak: 

  • Azaroak 25, 11:30ean, Ipintza institutuan, elkarretaratzea: Hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentzioari heltzeko proiektuaren baitan egingo dute.
  • Azaroak 25, 19:00etan plazan, indarkeria matxistaren aurkako akelarrea.
  • Azaroak 26, 18:30ean Zabalotegin, Beldur Barik ekimeneko film laburren emanaldia eta solasaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak