Joko gutxi eta gol asko derbian

Hiruna berdindu dute Mondrak eta Bergarak Mojategin, markagailuan eta jokoan alternatibak izan dituen partidu zoro, lehiatu, joko gutxiko eta emozioz beterikoan; topikoak topiko, derbi orori dagokion moduan.

Negu giroa Mojategi zelai bustian. Euria tarteka eta hotza. Hotz handia, harmailetan geldi egoteko. Eta, halere, zale dezente batu da Arrasateko futbol zelaira. Bertakoak gehienak, baina Bergaratik etorritakoak ere asko.

Denboraldi ona egiten dabiltza bi taldeak, batez ere Arrasatekoak, sailkapenaren goi partean. Eta beste puntu bat gehitu dute gaur. Honenbestez, bi taldeetako ordezkariak gustura geratu dira amaieran, puntu bat gehituta, hiruen bila atera arren, esku hutsik amaitzeko arriskua gertu-gertu ikusi dutelako biek ala biek.

Arrasatearrei zapore mingots samarra geratu zaie, akaso, garaipena eskura izan dutelako amaieran eta etxean irabaztea beharrezko zutelako, aurreneko postuetan lehian dabiltza-eta. Baina, derbietan, edozer gerta daiteke eta gaitz erdi. Gutxienez, puntu bat. 20. punturekin sailkapenaren laugarren postuan daude, Ikasberrirekin berdinduta, eta Amaikak Bat liderra 7 puntura dute dagoeneko, Soraluzeri irabazi egin dioten-eta debarrek.

Etxekoak sartu dira hobeto partiduan eta haiena izan da arratsaldeko sei goletako lehena. 25. minutuan etorri da eta Aizpuruak sartu du. Une horretan, halere, bergararrak nagusitzen hasiak ziren. Bergararrek protesta egin dute, epaileak zelaiaren erdian eman ez duen ustezko falta baten ostean etorri baita gola. Golaren ostean, arrasatearrena izan da jokoan nagusitasuna, baina bergararrek sartu dute berdinketaren gola, lehen zatia amaitzear zela, Etxebarriren eskutik. Banakoarekin joan dira jokalariak aldageletara…, eta zaleak tabernara, aterpe bila.

Aizpurua eta Etxabarri

Hain justu ere, Aizpurua eta Etxabarri izan dira partiduko protagonistak, bina gol egin dituzte-eta. Bigarren zatiko erdialdean etorri da bergararren bigarrena. Berriro Etxabarrik, eta berriro buruz. Ordurako Mondrak markagailuan aurreratzeko aukera bat baino gehiago izan ditu. Baina, partidu zoroan, merezi ez zuenak hartu du aurrea markagailuan: Bergara.

Golaren ostean, Bergarak errekuperatu du jokoa eta bazirudien hark eroango zuela derbia, baina Josu Zubiak jokalari berriak zelairatu ditu eta horrek haize freskoa ekarri die etxekoei. Hala etorri da berdinketaren gola, Aizpuruak berriro ere, Bergararen defentsako huts bat aprobetxatuz. Eta, horren ostetik, hirugarrena, Gonzalezena. Zuhur, azkar, ibili da etxeko jokalari txikia.

Amaierara eta etxekoak aurretik

Gutxi geratzen zen amaierarako eta etxeko zaleak gustura zeuden, hiru puntuak eskuan ikusten zituzten-eta. Baina, partidua ezin zitekeen amaitu bide ohikoetatik eta bukatzear zela bergararren berdinketa etorri da Ibai gazteak ezkerretik egindako erdiraketa bikaina aprobetxatuta, Javier Jorgek buruz baloia sarera bidaliz. Buruz, berriro ere. Hirurak buruz sartu dituzte mahoneroek.

Gehiagorako ez zen geratzen eta eskerrak. Auskalo, bestela, zela amaituko zen lehia...

Joko gutxi eta gol asko. Topikoa izan ohi da derbietan. Baina, egiari zor, halakoa izan da gaurkoa Mojategin.

Gainontzeko futbol taldeen emaitzak

Futbolean, hirugarren mailan, UDAk 0-1 irabazi du Betoñoren aurka. Ohorezko erregional mailan, Aloña Mendik bana berdindu du kanpoan Hondarribiaren aurka jokatutako partiduan. Erregional preferentean, berriz, Antzuolak 1-2 galdu du Usurbilen aurka.

Beste kirolak

Areto futbolean, berriz, Euskal Ligako UDAk 1-2 irabazi du Oiartzunen.

Saskibaloiari dagokionez, emakumezkoen senior mailan ezin izan dute ezer egin kanpoan Añorgaren aurka. Etxekoek 88-32ko emaitzarekin irabazi dute norgehiagoka. Gizonezkoen Soraluce BKEk ere galdu egin du etxean DKSren aurka, 51-66. Hala, denboraldi honetan oraindik ez dute partidu bakar bat ere irabazi bergararrek.

Eskubaloian, Oñatiko Izarraitz tabernak 32 eta 20 irabazi dio Eskolapiosi eta Arrasateko Ford Mugarrik 30 eta 26 Tolosari. Azkenik, Donibanek 40 eta 23 irabazi dio Bergarari.

Erlazionatuak

Garaipen garrantzitsua eta uste baino samurragoa Izarraitz Tabernak

Oñati

32-23. Ia hamar punturen aldea aterata, pozik geratu dira Izarraitz Taberna Aloña Mendi eskubaloi taldeko kideak Escolapios taldearen kontra...
Eskoriatzako neskek 0-4 galdu dute Idiazabal Xaloaren aurka

Eskoriatza

Eskoriatzako areto futboleko neskek ezin izan dute etxean garaipena lortu. Lehen zatian jaso dituzte lau golak, lehena hasi eta bigarren minutuan. ...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.