Aretxabaletan, izango da lehen elkarretaratzean, 18:00etan, Iturrizar plazan. Herritarrak, erakundeak eta eragile sozialak bat egitera gonbidatu ditu Unai Elkoro alkateak. Adostasunik ahalik eta zabalena helburu, 2013an Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu, PSE eta PP alderdien taldeek bakearen eta bizikidetzaren alde bozkatu zuen puntua hartzen du Aretxabaletako alkateak deialdirako oinarri bezala.
Iñigo Urkullu lehendakaria irail hasieran batzartu zen Euskadiko 128 udaletako alkateekin; Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Antzuolakoak barne. Orduan aurkeztu zen Jaurlaritzak prestatutako liburuxkak, 1960 eta 2010 bitartean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arrazoi politikoengatik hildakoak batzen dituena, bana biktimak dituen herriko, eta han jasotzen da aipatutako Debagoieneko herrietako biktimen berri ere.
Dokumentu horretan jasotzen da herriko biktimen zerrenda, Eusko Legebiltzarrean adostutako markoan, eta txostena bera jadanik uztailean jaso zuten alkateek. Hain zuzen, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak "garrantzi handiko" dokumentutzat jaso zuen txostena eta orduan jada adierazi zuen omenaldiak egitea bere agendan dagoela, "beti ere herriko errealitatea aintzat hartuta eta udalean ordezkatuta dauden alderdiekin adostasunera ailegatuta". Hala, gaur 18:30ean izango da Arrasateko elkarretaratzea, Herriko Plazan. Arrasateko EH Bilduk, bere aldetik, adierazi du ez dela bilkurara joango, "urteetako sufrimenduak amaiera behar duela" jabe izanda ere, udal gobernuak "berandu" eta "era inprobisatuan" jardun duelako, ezker abertzalearen esanetan. "Arrasateko biktimen erretratua osatzeke" dela dio EH Bilduk. Ausentzia horren aurrean, "aukera galdua" ikusten du Arrasateko alkateak, ohar bidez eginiko adierazpenean, herritarren aurrean Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartzeko aukera, hain zuzen; erabilera "partidistetatik" urrun.
Azkenik, Bergaran, 19:00etan da deialdia eta Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, atzoko plenoan aho batez onartua, herritar guztiei batzeko deia zabaltzeko. Testuan nabarmentzen da "giza-eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei" zor zaiela "egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea". Bergarako Udalak "giza-eskubideen kulturan eta elkarrenganako errespetuan eta onespenean oinarritutako bizikidetza sustatzeko konpromisoa" hartzen du.