Oroimenaren Eguneko adierazpen instituzionala aho batez onartu du Bergarako Udalbatzak

Maite Txintxurreta 2015ko aza. 10a, 15:03

Ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo Bergaran. Bertan, hiru gai nagusi izan zituzten hizpide. Batetik, Eusko Jaurlaritzak gaurko egunerako deitutako Oroimenaren Egunaren harira, adierazpen instituzionala onartu zuten aho batez, “giza eskubideen kulturan eta elkarrenganako errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatzeko konpromisoa hartuaz. Bestalde, aurreko osoko bilkuran onartutako ordenantzen eta hondakinei buruzko kontsultaren gainean zenbait zuzenketa onartu zituzten.

Gaurko, azaroak 10, Oroimenaren Eguna deitua du Jaurlaritzak, eta horren bueltan adierazpen instituzionala onartu zuen Bergarako Udalbatzak atzo ezohiko osoko bilkuran aho batez.

Adierazpen horrek dio giza-eskubideen urraketak jasan dituzten biktima guztiei zor zaiela egia, justizia eta erreparazioa eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea. Testuan nabarmentzen dutenez, giza duintasuna eta pertsonaren giza eskubideak beste edozein kausa edo ideia politikoren eta Estatu arrazoiaren gainetik daude. Hala, elkarrenganako errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatzeko konpromisoa hartu du Udalbatzak.

Juanje Alberdi alkateak nabarmendu zuen osoko bilkuran garrantzitsua dela konpromiso hori “denon artean” betetzea. EH Bilduko Agurne Barrusok, bere aldetik, adierazi zuen Oroimenaren gaiak lanketa sakon eta sentsiblea eskatzen duela.

Agorrosin

Bestalde, aurreko astean, ohiko osoko bilkuran onartutako kirol zerbitzuen gaineko tarifetan egin beharreko zenbait zuzenketek Agorrosineko prezioen igoeraren eztabaida ekarri zuten berriz plenora. Zuzenketa horiek EAJ eta PSEk osatutako Udal Gobernuaren aldeko botuekin onartu ziren. EH Bilduk eta Irabazik kontra bozkatu zuten.

EAJk eta EH Bilduk Agorrosingo defizitarekiko ikuspegi desberdinak dituzte. Alkateak proposatu zuen kostua haien gain hartu dezaketen herritarrek gehiago ordaindu beharko luketela; EH Bilduk, aldiz, defizit hori Udalak bere gain hartu beharko lukeela uste du.

Hondakinen gaineko kontsulta

Azaroaren 29an egingo den hondakinen gaineko herri kontsulta izan zen atzoko bilkurako beste gai nagusia. Kontsulta horretarako prozeduran egin beharreko bi zuzenketa onartu zituzten, eta horiek aurrera atera ziren Udal Gobernuaren aldeko eta EH Bildu eta Irabaziren aurkako botuekin.

EH Bildutik adierazi zuten aurkako botoa eman zutela urriaren 26ko osoko bilkuran galdeketarako prozedurari ezezko botoa ematera eraman zituzten arrazoiek bere horretan jarraitzen zutelako


Horrekin batera, hilaren 29ko kontsultan erabiliko diren papeletak onartu zituzten. Hala, bi papeleta izango dira: Bosgarren edukiontziaren aldekoa kolore txuriduna izango da, eta atez atekoaren aldekoa, berriz, laranja.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak