Lau foru sailek aurkeztu dituzte euren aurrekontuak, ekonomia sustapena eta kudeaketa berria helburu gisa jarrita

Leire Kortabarria 2015ko aza. 9a, 18:00

Foru Aldundiak sailez saileko aurrekontuak aurkezten dihardu. Gaur, astelehena, honakoek eman dute euren partiden berri: Ogasunak (46 milioi), Kultura eta Turismoak (54,9 milioi), Diputatu Nagusiaren Kabineteak (17,15 milioi) eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioak (39,2 milioi).

Diputatu Nagusiaren Kabineteak 1,17 milioi gehiago izango ditu. Bere aurrekontua (17,15 milioi) kudeaketarako aurrekontu propioaren %2,32 da. Ahaldun nagusi Markel Olanok azaldu du aurrekontu hori Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean. Bere alorrak, Diputatu Nagusiaren Kabineteaz gain, Estrategi Kudeaketa; Bizikidetza eta Giza Eskubideak; Hizkuntza Berdintasuna; eta Emakume eta Gizonen arteko Berdintasuna; eta Komunikazioko zuzendaritzak ditu bere baitan. Olanok esan du bi helburu izango dituela datorren urtean: lehenengoan, ekonomia eta enpresa sarea suspertzea, eta, bigarrena, Gipuzkoako Aldundia herritarrei hurbiltzea.

Estrategia Kudeaketa alorrak 2,6 milioi izango ditu; Hizkuntza Berdintasunak, Mikel Irizarren ardurapean, 6,1; Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Organoak, Miren Elgarresta oñatiarraren ardurapean, %15eko hazkundea izan du bere aurrekontuan; eta Komunikazio zuzendaritzarena ere hazi egin da, 686.000 euroko hazkundea, hain zuzen ere. Igoera horri esker, 2015-2019 kudeaketa plana exekutatuko da.

11 milioi, zergadunen arretarako

Foru Gobernuak 2016rako aurkeztu duen aurrekontutik 46 milioi bideratzen ditu Ogasunera, kudeaketarako aurrekontu propioaren %6,24.

Fiskalitatea ekonomia suspertzen laguntzeko tresna gisa eta, honi jarraiki, gizarte zerbitzuen jasangarritasuna bermatzea dira Foru Ogasunaren helburuak 2016rako, Larrañagak azaldu duenez. Bere hitzetan, “diru-bilketarako makina hutsa izatetik haratago” joan nahi du Foru Ogasunak. Markel Olano ahaldun nagusiak esandako helburu orokorra berretsi du Larrañagak: Gipuzkoaren sustapen ekonomikoa, eta, zehazki, Gipuzkoaren oneratzea sendotzea.

Hiritarrei zuzendutako laguntza eta arreta zerbitzura 11 milioi euro bideratuko direla esan du Larrañagak, Foru Ogasunak erabilgarri dituen lau eurotatik bat. “Herritarren zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoari buruzko Legera egokitzera izango du erronka”, aipatu du. 

Zerga administrazioari dagokion kantitatea 20 milioi euro baino gehiagokoa da. Arlo honetan, Larrañagak nabarmendu duenez, Ogasunak bere Zerga Egiaztapen Planean jasotako iruzur fiskalaren aurkako ekimenetara zuzendutako baliabideak eta ahalegina mantenduko dituzte. Foru diputatuak zerga eginbeharrak betetzearen inguruan mentalitatea aldaketa lantzen hastea defendatu du. 



Azkenik, Finantza eta Aurrekontuetako zuzendaritzak 3 milioi euro inguru izango ditu eskuragarri, eta beste 1,67 milioi Zerga eta Finantza Politikara bideratu dira. Azkenik, Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak milioi bat euroko aurrekontua izango du.

Funtzio Publikoaren lan-taldea aztertuko da

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuak 39.240.738 euroko aurrekontua edukiko du, Aldundiaren osokoaren %5,31, honela banatuta: %44,93 Suteen aurkako Babes eta Salbamendu Zerbitzurako, %14,72 Aldundiaren Zerbitzu Orokorretarako, %13,14 Funtzio Publikoak, %10,6 Departamentuko Zerbitzu Orokorrek, %7,51 Modernizazioa eta Zerbitzuen Hobekuntzako zuzendaritzarako, %5,23 Idazkaritza, Aholkularitza eta Defentsa Juridikoak, %2,66 Herritarren Partaidetzak, eta %1,21 Kanpo Harremanak.

Imanol Lasa diputatuak azpimarratu duenez, “Aldundiaren kudeaketa eraldatzeko euskarri nagusia” izango da departamentua. Besteak beste, Funtzio Publikoaren alorrean, plantilla aztertuko da, eta etorkizuneko Lan Eskaintza Publikoetarako premiak identifikatuko dira.

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak 54.952.256 euroko aurrekontua izango du datorren urtean, hau da, aurtengoa baino % 15,91 gehiago, Kultura diputatu Denis Itxasok gaur goizean jakinarazi duenez. Igoera hainbat arrazoiri dagokio; batetik, “protagonismo handiagoa” eman nahi izatea kulturari; bestetik, Donostia Europako Kultur Hiriburua izango delako; eta kultur ekitaldi ospetsu batzuei partida handitu zaielako. Zinemaldiari, adibidez, 1.000.000 euro emango dizkio, aurten baino 115.000 euro gehiago. Turismo Zuzendaritzak 1,6 milioi izango ditu (%29,15 gehiago).

EH Bilduk eskatzen du GHKren zorra kontuan har dadila

EH Bilduko bozeramale Xabier Olanok Ogasun diputatuari ohartarazi dio, bestalde, Foru Gobernua aurkezten dabilen aurrekontu proiektua “onargarria ez” dela, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako kontua ez duelako barruan sartzen, “derrigorrezkoa izan arren”. Gogorarazi duenez, abuztuaren 1etik GHK Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du Diputazioak, baina Foru Gobernuaren proiektuan ez da horren aipamenik egiten. Horregatik,
EH Bilduk Markel Olanori eskatu dio “ezkutukeria alde batera utzi eta gardentasunez joka dezala behar den informazio guztia mahai gainean jarriz”. EH Bildu kexu da Jabier Larrañagak ez duela argibiderik eman eta “ezer ez zekiela” esan duela, eta, Xabier Olanoren hitzetan, “erantzun hori onartezina da”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak