Kontu-hartzaileak ohartarazten du GHK-k ez duela arautegia betetzen eta, bere esanetan, 2014 bukaeran ia 52 milioiko zorra zuen. Horietatik 42 finantza produktu eratorriei dagozkie. Horiek, itxura denez, 2011n kontratatu zituen GHK-k.
Kontu-hartzaileak gomendatzen du hiru hilabeteko epean plangintza ekonomiko eta finantzarioa egin beharko litzatekeela, GHK-k izaten jarraitu nahi badu behintzat.
Erreakzioak izan dira laster. Markel Olano ahaldun nagusiak baieztatu du jaso duela kontu-hartzailearen txostena eta hura aztertzen dabilela. Ez du balorazio gehiago egin. Hala ere, elkarrizketa baten, esan du “erakundea egonkorra” dela eta hala jarraituko duela, eta oraingo legealdian errauskailua martxan jartzeko konpromisoa berretsi du.
EH Bilduk "arduragabekeria" egozten dio Foru Gobernuari
EH Bilduk, bere aldetik, zor hori errauskailua egiteko zorpetzearekin lotu du eta honako balorazioa egin du: “Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren izaera aldaketaren ondorioz, Diputazioak egin beharko dio aurre erakunde honek pilatu duen zorrari, eta baita ere errauskailua eraikitzeko beharko litzatekeen zor berriari. Beraz, EH Bilduk ohartarazi du planta eraikitzeak ekarriko lukeen zorrak Diputazioko egoera ekonomiko-finantzarioa kolokan jarriko lukeela eta instituzioaren egonkortasuna desorekatu. Horregatik, EAJ-PSEren Foru Gobernuari eskatu dio ez dezala jarraitu gipuzkoar guztion diruarekin arduragabekeriaz jokatzen”.
EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azpimarratu duenez, “zoritxarrez, Foru Gobernuak aitortu du GHKren izaera aldaketaren jakitun izan arren, informazioa ez zuela zabaldu. Hortaz, sozietate publiko bati buruzko datu garrantzitsuak nahita ezkutatu dizkiete herritarrei, mankomunitateei eta Batzar Nagusietako ordezkariei. Foru Gobernua lasaitasun mezua zabaltzen saiatu den arren, kezkatzeko zergatiak badaude. GHKren zorra bere gain hartu behar du Diputazioak, 2011an
Markel Olanoren gobernuak sinatu zituen SWAPen eraginez sortutako zorra, alegia, eta EH Bilduri inondik inora ezin zaiona leporatu. Izan ere, aurreko legealdian errauskailua gelditzeari esker zorra murriztu zuen GHK-k, beraz, egoera askoz okerrago izan zitekeen”.