Bero laparekin egin dute gaur Behobia-Donostia lasterketa. Carles Castillejo kataluniarrak egin du denborarik onena: 1.01.12. Lehenengo aldiz egin du Behobia-Donostia lasterketa eta parte hartze bikaina izan da. Castillejok bakarrik gurutzatu du helmuga lasterketako azken 15 kilometroak bakarrik egin ostean. Podiuma osatu dute Castillejorekin batera Jaume Llevak eta Jose Carlos Hernandezek.
Emakumezkoetan Raquel Gomez izan da azkarrena. Extremadurakoaren denbora izan da 1.13.38. Berarekin batera podiumean izan dira Paula Mayobre eta Elena Loyo.
Yeray Varela eta Saioa Arkonada
Yeray Varela oñatiarra izan da lehenengo debagoiendarra helmuga gurutzatzen. Oñatiarrak 1.08.32ko denbora egin du. Emakumezkoetan, Saioa Arkonadak egin du denbora onena: oñatiarrak 1.27.23ko denbora behar izan du ibilbidea osatzeko.
481 korrikalari
Lasterketan izena eman zuten 34.000 lagunetatik 28.262 korrikalari irten dira Behobiatik. Horietatik, 481 debagoiendarrak izan dira.
Patinaltzaileak
Debagoieneko 20 patinatzaile iritsi dira helmugara gaurko lasterketan. Antolatzaileek emandako datuen arabera, Arkaitz Arana bergararra izan da debagoiendar azkarrena: 0.39.08ko denbora egin du Aranak.
Korrikalari bat hil da
Behobia-Donostia lasterketa korrikalarien festa izaten da, eta horrela bizi izaten dute askok. Gaurkoan, baina, albiste txarra utzi du. Herrizaingo sailak baieztatu duenez, 31 urteko korrikalari nafarra hil da bihotzekoak jota.
Beste heriotza baten berri ere eman du antolakuntzak. Irteera puntuan lasterketa ikusten zegoen gizonezko bat ere hil egin da. Kuadrillarekin zegoen gizonezkoa eta hura gaizki sentitu denean lagunek lasterketa zaintzen zeuden Gurutze Gorriko profesionalei eskatu die laguntza. Gizonezkoa hil egin da.
'Harmailatik' saio
Harmailatik saioan, Xabi Urzelai kazetariak luze eta zabal landuko du Behobia-Donostia lasterketak eman duena. Debagoieneko parte hartzaileen hitzak jasoko ditu, besteak beste. Saio guztia Behobia-Donostiari eskainitako izango da. Bihar, astelehena, 22:00etan, Goiena Telebistan.