Gure Esku Dago ekimenak lan handia du aurrez aurre eta horiek zehazten joateko bilera egin zuten atzo, martitzena, Debagoieneko ordezkariek. Aretxabaletatik eta Leintz Gatzagatik ez zen inor hurbildu, baina bi herriotako ordezkariek aurrez jakinarazi zuten erabakitakoarekin bat egingo zutela. Gainerako herrietako ahotsak Kulturaten izan ziren.
Gure Esku Dagoren hurrengo erronka herri galdeketak dira. Horren gainean hausnartu zuten hain zuzen, atzoko bileran. Eta erabaki zuten Debagoiena mailako galdeketa egitea. Aramaiok, baina, ez zuen erabaki Debagoienarekin egingo duen bat edo ez. Gaia herriko lantaldean hausnartzekotan gertu ziren.
Galdeketa horren bide-orria zehazteko komisio bat sortuko dute, gainera. Eta horrek zehaztuko du galdeketa zelan egin eta zein pauso jarraitu. Datarik ez dute zehaztu, 2016rako posible bada eta bestela 2017an izango da. Eta bide-orri hori gertatzen hasteko herri galdeketetan eskarmentua duten hainbat herritako ordezkariekin elkartuko dira, Arrankudiaga eta Etxarrikoekin, esaterako.
Herri galdeketara bidean egin beharreko lana izugarria dela jakinarazi dute Debagoieneko ordezkariek, baina ilusioa gainezka dute eta herritarrak ilusionatzea da orain erronka.
Eskura txostena aurkezten
Bestetik, azken asteotan Eskura txostena aurkeztu eta Gure Esku Dagoren jarduera, antolamendu eta finantzamenduaren inguruko proposamenak jasotzen dabiltza herriz herri; baita herri bakoitzean egin daitekeena zehazten ere. Oñatin, Aretxabaletan eta Antzuolan, gaur egingo dituzte bilera horiek. Eta Arrasaten joan den astean elkartu ziren herritarrekin.
Azaroaren 21ean egingo du Gure Esku Dagok ezohiko batzar nagusia eta orduan bozkatuko dituzte jasotako ekarpenak.