Hildako arbasoak oroitzeko unea

Ubane Madera 2015ko urr. 31a, 08:00
Oñatiko hilerria.

Eskualdeko kanposantuetara joatea besterik ez dago jabetzeko hildakoak gogora ekartzeko sasoia dela. Urteko egutegiak, kristautasuna abiapuntu, azaroaren 1a, Domu Santu eguna, gorriz markatzen du. Egun hori da, berez, liturgia-urtean bere jaialdia ez duten santuak omentzeko jarritakoa. Biharamuna da, berriz, erlijio beraren arabera, Hildakoen Eguna, oraindik Garbitokian (purgatorioan) dabilen hildakoen arimak laguntzeko. 

Edozein modutan, Domu Santu eguneko ohitura ez da ere hain antzinakoa. Arrasateko parroko Horazio Argaratek azaldu izan duenez, gaur egun ezagutzen dugun moduan, ospakizunak 1.000 urte ditu; ordukoa da hilobia lorez apaintzeko ohitura.

Eta ohiturak aldatzen diren seinale da hildakoei azken agur hori egiteko moduak aldatu egin direla, adibidez, orain hiletak modu zibilean egiteko aukera ere badagoelako, herri gehienetan ordenantza bidez araututa.

Hileta zibilak

Gaur egun ere, elizatik Hain justu ere, orain dela sei urte eskasera arte, elizaren bitarteko aukera zen "araututa" zegoena ia-ia bakarra, baita Debagoienean ere. Eta nahiz eta azken urteotan hileta zibilak egiteko ate publikoak zabaldu, eta ordenantzen bitartez bide hori arautu, Debagoienean, oraindik orain, elizaren bitartez bideratzen da kasu gehienetan azken agur hori, alde handiarengatik, gainera.

"Estatu laikoa"

Landutako ordenantzen abiapuntua –onartu den azkena aintzat hartuta, Elgetakoa–, honako hau: "Estatu ez-konfesional eta laiko batean, erakundeek pertsonen eta elkarteen askatasun ideologiko eta erlijiosoa eta gurtzarako askatasuna bermatu behar dutela gauza jakina da gizartean, eta horretarako muga bakarra legeak ezartzen duen ordena publikoa errespetatzeko beharra da.

Bestalde, gure gizartean aniztasun ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala da nagusi, gizarte plurala baita, eta ohituren eta ekintza sozialen adierazpenak etengabe ari dira aldatzen. Hil ondorengo hileta edo omenaldi zibilak egiteko behar soziala erlijiorik gabe bizitzea aukeratu duten herritarrei zeremonia duina eta pertsonala eskaintzeko beharretik sortu da, herritar horiek bizitza ulertzeko duten modua errespetatzeko".

Aramaion eta Gatzagan, ez

Datutan sartuta, Eskoriatza izan zen ordenantza onartzen goiztiarrena: 2009an. Arrasatek, Bergarak, Aretxabaletak eta Antzuolak 2010ean; Oñatik 2012an; eta Elgetak aurten onartu du ordenantza; Aramaiok eta Leintz Gatzagak, aldiz, ez dute ordenantzarik, bi kasuotan eskaerarik ere ez dutelako izan. Edozein modutan, bi kasu horietan ere, eskaririk balego, tokian tokiko udalak arduratuko lirateke hari bidea eman eta beharrezkoak diren azpiegiturak ahalbidetzen.

Ia ez dira egin

Datu gehiagotan sartuta, kopurutan, kasu honetan, oso deigarriak dira. Izan ere, itxuraz –eta diskurtsoz–, azken hamarkadetan erlijioarekiko –katolikoarekiko– atxikimendua txikitu egin dela dirudien arren, azken agurra egiteko garaia heltzen denean, elizatik jotzen jarraitzen da. Adibide batzuk –udal iturrien arabera–: Oñatin, hiru urtean, ez da hileta zibil bat bera ere egin –araututako bideak jarraituta; bestela, hileta zibil bat edo bi egin dira–; Bergaran eta Antzuolan bina egin dira; Arrasaten "oso gutxi"; Aretxabaletan pare bat; eta Leintz Gatzagan, Aramaion eta Elgetan ez dira egin.

Kostu bakoak gehienetan

Edozein modutan, egin izan diren kasuetan, udalak dira hileta zibilak egiteko beharrezko diren azpiegitura guztiak lagatzen dituztenak eta horretarako lekuak finkatzen eta lagatzen dituztenak ere bai. Oraingoz, kasu gehienetan, inolako kostu barik egiten dute hori; fidantza eskatzen dute, hori bai, Bergaran. Izan ere, udalerri guztietan hileta egiteko lekua lagatzeaz gainera, familiak behar dituen bestelakoak ere uzten dituzte: jarlekuak, mahaia, megafonia… Eta utzitako hori guztia egoera onean bueltatzen dela ziurtatu besterik ez dute egin gura fidantzaren bitartez.

Eta Antzuolan, irizpide bera erabilita, Udalaren baliabideak erabiltzeagatik ordaindu behar den prezioa kobratzen dute.

Pilotalekuak, parkeak…

Hiletak egiteko lekuak aipatuta, orotarikoak bideratu dituzte udalerriek zerbitzu horretara: udal eraikinak, parkeak, museoak, pilotalekuak… Eskoriatzan, Ibarraundi museoan egin daitezke; eta Aretxabaletan, udaletxe osteko lorategian edo Iturrigorri frontoian –landaguneetan, bertako auzo-alkateak, udalerriko alkatearen oniritziz, izendatutako lekuetan–. Arrasateri dagokionez, bi leku bideratu dituzte: Aldai parkea eta San Kristobal hilerria; Oñatin, bat: Santa Ana aretoa; eta Bergaran, Kataibiako plazan –auzoetako pilotalekuetan ere bai: Osintxun, Angiozarren…–.

Antzuolara joanez gero, han eskolako patioan egiten dira, aterpea eta harmailak dituelako, baina, araudiaren arabera, frontoian ere egin daitezke. Eta Elgetan, Udal Pilotalekuan, Mendizaleen plazan, Domingo Iturbe plazan, frontoi zaharrean, San Roke osteko plaza txikian eta udalbatzarren aretoan.

Bide batez, esan behar da ordenantzetan hileten ordutegia zehaztuta dagoela. Hizlariak Bestalde, hiletetan izaten den beste elementu bat hizlaria da. Hileta elizkizuna den kasuetan, jakina, abadea arduratzen da zeregin horrekin. Hileta zibiletan, berriz, hildakoaren gertukoak izaten dira ardura hori hartzen dutenak.

Edozein modutan, Debagoienean salbuespen bat bada: Arrasate. Izan ere, hiletetan jardun gura dutenen zerrenda publikoa sortu dute; oraingoz, pertsona bakarrak eman du horretarako izena.

Gehienak erraustu

Hileten ondoren, berriz, gorpu gehienak erraustu egiten dira gaur egun; eta hori kontuan hartuta, geroago eta kanposantu gehiagotan daude errautsak dituzten ontziak lurperatzeko lekuak, eta, jakina, hori egiteko prezioak zehaztuta. Aramaion, adibidez, errautsen ontzia lurperatzeak 49,92 euro balio du. Eta Arrasaten –auzoetan– antzera: 47,30 euro. Gainontzean, ohiko lurperatze prezioei dagokienez, 191 euro balio du, adibidez, Elgetan. Eta Arrasaten, auzoetan lurperatzeak 375 euro.

Errausteari begiratuta, berriz, 326,40 euro kostatzen da Arrasaten, baldin eta bertan erroldatutakoa bada hildakoa; hala ez bada, 383,50 euro da prezioa. Eta beste zerbitzu baten prezioa jartze aldera, tanatorioa erabiltzeko aukera ere bada, adibidez, Arrasateko hilerrian: 66,10 euro da prezioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak