Oier Araolaza: "Gizaki denetik dauka gizakiak hildakoekiko kezka"

Ubane Madera 2015ko urr. 31a, 08:00
Oier Araolaza.

Oier Araolaza (Eibar, 1972) Antropologian lizentziaduna da. Egunotan, adibidez, Eskoriatzan izan da, Arimen Egunaren bueltan berbetan. Egunotan hitzordu garrantzitsu den hildakoak gurtzeko ohituraren gainean galdetuta, dio "gizakiak gizaki denetik izan duela hildakoekin zerbait egiteko beharra edo gogoa; besterik ez bada, oroitzekoa".

Gizakia gizaki denetik?

Historiaurretik ditugun aztarnetako batzuk horrekin lotuta ageri zaizkigu: enterramenduak. Hildakoa animalia harraparien esku utzi beharrean, hilobiratu, edo, behintzat, lurperatu edo erre egin den momentutik, horrek esan nahi du gizakiak baduela gaiarekin kezka bat: beste bizitza bat izango ote zen edo ez, horrako zerbait prestatu edo ez, gorpua hil eta arimarik geratuko ote den edo ez… aspaldikoak dira, nahiz eta zehazki ze momentutan hasten den gizakia hildakoak agurtzen eta gurtzen ez garen datatzeko gauza, Historiaurreko fasean kokatzen delako.

Gurtze hori azaroarekin lotzeko arrazoiren bat bada?

Udazken eta negu arteko fasean natura bere unerik baxuenera iristen da. Teoria frazeriano gehienen arabera, une honetan gertatzen da naturaren heriotza eta berpiztea. Eta Frazerrek lotzen ditu erritu hauek guztiak naturaren heriotza eta berpiztearekin. Aldi berean, eguzkiaren zikloarekin ere lotzen da. Hain zuzen, neguko solstizioa, abenduaren 20an eta 21ean kokatzen dena, eta kristautasunak Jesusen jaiotzarekin –nahiko berriki bada ere– lotu duena; bada, hori ere eguzkiaren itzaltze eta berpizte horrekin lotzen da. Ez da bakarrik azaroaren 1a, eta Domu Santu eguna, baizik eta da neguko aroa: azaroaren 1etik Urteberri edo Errege Egunera doan aroa oso lotuta dago heriotzaren eta berpiztearen ideiarekin.

Eta zertan da erritoen bilakaera?

Oso kuriosoa da; izan ere, orain modan jartzen ari da, baina historian gehien funtzionatu duena errausketa izan da. Eta hori logikoa da, praktikoa delako. Historiaurreko azken zibilizazioetako baten ezaugarrietako bat ikustea besterik ez dago –Urnenfelder, kristautasunaren aurretik Europan zabaltzen zen kultura, Brontze Aroan–: hildakoak erraustu ondoren urnetan (ontzietan) gordetzen zituzten eta gero lurperatu egiten zituzten. Laburbilduz, beraz, orain dela 3.000 urteko ohituretara bueltatzen gabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak