Oñati Zero Zaborrek eskatu du "gutxienez %70eko bilketa tasa bermatzen duten sistemen artean" galde dadila

Jon Berezibar 2015ko urr. 29a, 12:53

Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan egingo diren kontsulten harira, Oñatiko taldeak oharra kaleratu du. Bi eskaera nabarmentzen dituzte: batetik, ez nahasteko "helburuak era bitartekoak", eta, bestetik, gutxieneko %70eko gaikako bilketa bermatzea.

Oñati Zero Zabor taldearen oharra, osorik:

"Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaletako alkateek, hondakinen bilketa sistema aldatu nahian, herri galdeketak egingo dituzte beraien herrietan.

Zero Zabor taldeen helburu nagusia ekonomia lineal xahutzailetik ekonomia zirkular eta efiziente batera igarotzea izan da beti. Hor kokatzen da hondakinen bilketa eraginkorra bermatuko duten sistemen alde egitea, eta noski, errausketa bezalako tratamendu toxiko eta xahutzaileak ekiditea ere bai.

Gaur egun ezagutzen den sistema eraginkorrena atez atekoa da, baina Bergarako sistema mistoak edota Arrasateko edukiontzi kontrolatuen sistemak ere emaitza oso onak eman dituzte, eta guztion artean Debagoiena %80 inguruko birziklapen mailan jartzea lortu dugu, Europa mailan eredu izatera iritsiz.

Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaletan antolatu behar diren galdeketetan eraginkortasuna erakutsi duten sistema hauen artean aukeratu beharko litzateke, gutxieneko %70eko gaikako bilketa bermatuz. Izan ere, helburuak eta bitartekoak ez dira nahastu behar. Bitartekoak ezberdinak izanda ere, guztiek helburu berbera izan behar dute, material konpostagarri eta birziklagarriak errefusera botatzea ekiditea, alegia. Hondakinak zabor bihurtzea onartezina da, kutsatzea kaltetzea baita, besteen eskubideak urratzea.

Europan erreferente bilakatu gara, orain Zero Zabor bideari heldu ala zaborraren eta errausketaren bidetik joan daukagu jokoan. Horregatik, gutxienez %70eko bilketa tasa bermatzen duten sistemen artean galdetzea eskatzen dugu.

 Gure ondorengoek eskertuko digute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak