Bizilagunei aukeran emango zaizkien galdera kopurua berbera izango da Bergarako eta Aretxabaletako kasuetan: bi galdera.
Bergarako kasuan, honako aukerak jarriko dituzte mahai gainean: 5. edukiontzia, edo atez atekoa. Hala izatea onartu zuen, hain justu ere, atzo osoko bilkurak, baina oposizioan dagoen EH Bilduren desadostasunarekin. Atez atekoa erantzuna Gaur eguneko sistema erantzunagatik ordezkatzea proposatu zuen koalizioak, besteak beste. Juanje Alberdi Bergarako alkateak azaldu du zer dela eta erabaki duten galderak daudenetan planteatzea.
Aretxabaletako kasuan, atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren artean aukeratu beharko dute herritarrek, eta azaroaren 16ko osoko bilkuran onartuko dituzte herritarrei emango dizkieten aukerak.
Hiru aukera
Eta eskoriatzarrei dagokienez, haiek hiru aukeren artean erabaki beharko dute: 5. edukiontzia, atez atekoa edo sistema mistoa. Joserra Zubizarreta alkateak esplikatu du hori horrela egitearen arrazoia alderdi politikoen arteko erabateko adostasuna lortzea izan dela.
Kasuak kasu, herri galdeketen prozedura berbera izango da hiru udalerriotan: edozein hauteskundeetan erabiltzen den prozedura errespetatuko da, alegia. Hori bai, zenbait egokitzapenekin.
Aurretiazko botoa
Batzuk aipatze aldera, posta bidez bozkatzeko aukera ez da egongo, baina bai, aurretiaz botoa ematekoa: tokian tokiko udaletxeetan eta idazkariaren aurrean.
Bozkatu ahalko dute 18 urtetik gorako herritarrek, udalerrietako erroldak aintzat hartuta. Eta edozein hauteskundeetan moduan, botoak jasotzeko hauteskunde mahaiak osatuko dituzte. Hori bai, mahai-buruak herritarrak barik udal langileak izango dira; eta hasiera baten, boluntarioak eskatuko dituzte mahaiak osatzeko. Halakorik ezean, ohiko zozketara joko dute.
Aretxabaletako alkateak herritarrak bozka bidez euren iritzia ematera animatu ditu, liskarrak albo batera utzi eta orain herriaren txanda dela esanez.