'Barruak astintzen' dokumentala Goiena Telebistan

Goiena Telebista 2015ko urr. 22a, 07:00

Arrasateko San Juan de Dios ospitaleak, Arizmendi ikastolarekin batera, elkarbizitza esperientzia pilotu aitzindaria egin du, Respaldiza proiektua izenekoa. Lau egunez, gaixotasun mental larria duten 15 paziente eta Arizmendiko Almen guneko bederatzi ikasle elkarrekin bizi izan dira Arabako Arespalditza herrian. Esperientzia horren berri emango dute gaur 22:00etan ikasle, arduradun zein gaixoek, Goiena Telebistan.

Modu horretan, praktikan jarri nahi izan dute urriaren 10eko Nazioarteko Osasun Mentalaren egunaren leloa: Jar zaitez nire lekuan. Konektatu nirekin. Eguaztenean batzarra egin zuten parte-hartzaileek, San Juan de Diosko kideek eta gainerako gaixoek eta ikasleen gurasoek, eta ondorioen berri eman zuten. Laburbilduz, hauxe da ondorio nagusia: elkarbizitzak erabat aldatu ditu elkarrenganako zituzten aurreiritziak.

Esperientzia hori ikertzen dabil, gainera, Madrilgo Rey Juan Carlos I Unibertsitateko ikertzaile Domingo Palacios, eta hura ere Arespalditzan izan da, baina ez esperientzian parte hartzen, ikusle soil gisa baizik.

Aurreiritziak gainditu dituzte 

Pazienteei hutsetik hasteko aukera eskainiko zien espazio bat nahi zuten proiektuaren arduradunek.

Hainbat ariketa egin dituzte elkarrekin gaixoek eta gazteek.

Besteak beste, eguneroko bizitzarako ezinbestekoa den antolaketa gaitasuna landu dute, lau egunetarako menua eta haren aurrekontua prestatuz. Horrez gain, gaitasun sozialak eta ohitura osasuntsuak ere landu dituzte. Eguneroko ohiko ekintzak ere konpartitu dituzte; horrela, batetik, gaixotasun mentala dutenek ikusi ahal izan dute egonaldi luzeko unitate baten ingresatuta egotetik haragoko bizimoduak eskain dezakeena; bestetik, gazteen sentsibilizazioaren bidez, etorkizunean, gaixotasun mentala dutenek gizartean duten irudi negatiboa aldatzeko balio izango dutela esperientziak uste dute sustatzaileek.

Aurreiritziak zituzten gazteek, baina baita gaixoek ere, eta gehienek zalantzak izan zituzten proiektuari baietza eman aurretik. Honako hau dio Maria Jara ikasleak: "Beldurra nuen eurak nolakoak izango ziren eta nolakoa izango zen gure harremana. Pentsatzen nuen bakartiak eta agresiboak izan zitezkeela". Etxean animatu egin zuten eta esan zioten esperientzia aberasgarria izango zela. Eta hala izan da: "Uste nuen kontrakoa izan da. Ez gaude hain urruti eurengandik. Lehen, kalean ikusiz gero, beharbada errepidea gurutzatuko nuen, saihestu egingo nituzkeen; baina orain, ez".

Beste ikasle batek, Sara Agirianok, aldiz, "hasieratik argi" izan zuen parte hartu nahi zuela: "Gizarteak beti alderatu egin izan ditu. Guk oso ondo pasatu dugu, eta asko gustatuko litzaidake horrelako beste esperientzia bat izatea".

Parte hartu duen Jorge Juan Martin pazienteak dio hasieran ez zutela joan nahi, baina gero ez zutela bueltatu nahi, hain ondo ibili direnez, eta esperientziak "indar handiagoa" eman diola aurrera jarraitzeko. Beste gaixo batek, Ana Amenabarrek, dio "oso polita" izan dela esperientzia: "Ez gara hain diferenteak; berdinak gara, azkenean", dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak