Partaidetzazko aurrekontuetara aurkeztutako proposamen bideragarriak kontuan izango ditu Foru Aldundiak

Leire Kortabarria 2015ko urr. 19a, 16:17
Imanol Lasa, Partaidetza Batzordean.

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasak agerraldia egin du gaur, astelehena, Batzar Nagusietako Partaidetza batzordean, aurreko legealdian foru gobernuak iragarritako partaidetzazko aurrekontu proiektuaren inguruan hartutako erabakien berri emateko. Aurretik foru gobernuak esandakoa berretsi du: hain zuzen, "gutxieneko bermeak" ez dituela betetzen. Hala ere, egindako proposamenak "banan-banan" aztertzen ari direla ere esan du, eta prozesu parte-hartzaileak "etenik ez" duela izango ere agindu du. Lasaren azalpenak EH Bilduk eskatu zituen joan den astean.

Prozesu hori aztertzeko, joan den irailaren 4an bilera egin zen Departamentuko teknikariekin, eta parte hartu zuten aholkularitza enpresetako, garapen agentzietako eta Udal Elkarteetako ordezkariekin, Lasak zehaztutakoaren arabera. 27 lagunek hartu zuten parte.

Bilera horretatik, eta kargura iritsi ondoren hasitako hausnarketa prozesutik, foru gobernu berriak ondorioztatu du Bilduren aurreko gobernuak iragarritako partaidetzazko aurrekontuen proiektuak gutxieneko bermeak ez dituela betetzen, eta gabezia ugari dituela, metodologikoki, politikoki eta ekonomikoki: “Hori ez dugu guk esaten, aipatutako bileretan jakinarazi digute. Gainera, adostasun politikorik ez zen izan, eta hauteskunde garaian jarri zen martxan. Horrek atzera eginarazi zuen parte hartzeko asmoa zuen jende asko”.

"Kutsu elektoralista"

Hala, Lasak adierazi du joan den legealdiko foru gobernuak prozesurako agindutako 20 milioiak ez daudela inon aurreikusita: “Ez dago diru atalik edo kreditu konpromisorik, ez aurtengo aurrekontuetan, eta ezta Bilduk aurkeztutako proposamenean ere. Horrek argi erakusten du prozesuaren kutsu elektoralista eta etekin politikoa ateratzeko asmoa. Guk ez dugu gai hau lehia politikorako erabiliko. Gauzak txukun egin nahi ditugu, besterik gabe”.

Bailaretako bileretan parte hartu zuten lagunen kopurua azpimarratu du ere: “360 pertsonek ezin dezakete beren kasa erabaki non inbertituko diren 20 milioi. Hori edonork uler dezake. Ez da teknologia berrien potentziala aprobetxatu partaidetza zabaltzeko. Formatu presentzialera mugatzea eredu zaharkitua da. Guk kanal berrien aldeko apustua egin nahi dugu”. Gaineratu du bilera “gehiegi” egin direla, “azkarregi”, eta proiektu askok ez dutela gutxieneko “zehaztasun maila”, edo ez direla Foru Aldundiaren eskumena.

Halaber, argudiatu du kasu batzuetan ez zela hasieran ezarritako helburua bete, hots, eskualdeko ikuspegia zuten proiektuak bultzatzearena. “Bailara edo eskualde mailako enfoke hori falta da, proiektu batzuk tokian tokikoegiak dira, eta gainera ordezkagarritasun maila bera eman zaie norbanakoei eta elkarte eta kolektiboetako ordezkariei. Herritar bakar batek ezin dezake 300 lagun ordezkatzen dituen beste baten pisu bera eduki”.

Banan-banan aztertzen

Edonola ere, bileretan egin ziren proposamen guztiak aztertzen ari dira foru teknikariak, diputatuak agindutakoaren arabera. “Bana-bana hartuko ditugu kontuan, parte hartu zuten pertsona eta taldeei errespetua zor diegulako, eta guztiek jasoko dute erantzuna idatziz. Prozesuaren alor positiboenak aprobetxatuko ditugu, aurkeztutako ideiei erreparatuz. Bideragarriak direnak aurrekontuetan txertatuko ditugu, urteroko partaidetza egitasmoen bidez, eta noiz eta nola gauzatuko ditugun argituko dugu”.

Azken asteetan zehar, diputatua pertsonalki biltzen ari da prozesuan hartu zuten pertsona eta ordezkariekin, bailaraz bailara, Aldundiaren jarrera azaltzeko, “gardentasun osoz”. “Esplikatzen ari gara gure ustez prozesua zergatik ez zen modu egokian kudeatu, egia aurretik dugula. Ondo ulertzen ari dira”.

Lasak garbi utzi du aurrekontu parte-hartzaileen aldeko apustuak eta ibilbideak ez dutela etenik izango, eta dei egin die gainerako talde politikoei gai hau ika-mika politikotik atera dadin. “Gauzak ondo egin direnean ez dugu inolako arazorik izan hala aitortzeko. Adibidez, joan den legealdiko zenbait partaidetza prozesu talde politiko guztien babesarekin eta ekarpenekin atera ziren aurrera, aho batez. Horrela izan denean goraipatu egin ditugu. Hemen ere elkarlanean jardutea dagokigu”.

Azken partaidetzazko aurrekontu proiektuak, aldiz, ez ditu “gutxieneko baldintzak” betetzen, haren esanetan, eta “ikasteko” aprobetxatu behar da esperientzia: “Ondorioak atera behar ditugu; zer egin den ondo eta zer gaizki, aurrerantzean akats berdinetan ez erortzeko”.

EH Bildu: "Erabaki larria"

Debagoienean ere izan zen Imanol Lasa bera azalpen horiek ematen. Debagoienaren kasuan, 87 proposamenetik 12 lehenetsi ziren eta aurreko foru gobernuko teknikariei bidali.

Joan den egubakoitzean, EH Bilduko Judit Garcia batzarkideak salatu zuen "esplikaziorik eman gabe" oraingo Foru Gobernuak egitasmoa bertan behera uzteko erabakia hartu zuela, eta hori "oso larria" zela, Garciaren ustez; horregatik, Imanol Lasaren agerraldia eskatu zuen, azalpenak eman zitzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak