Diputazio berriak beste era batera kudeatuko ditu partaidetzazko aurrekontuak

Aurreko agintaldian Gipuzkoako Diputazioak martxan jarritako partaidetzazko  aurrekontuen prozesuan aldaketak eman dira. Diputazioko Gobernu berriak "ahuleziak" ikusi ditu parte hartze prozesu horren diseinuan eta horregatik departamenduen esku utziko du herritarrek proposatutako proiektuen garapena. Aldaketa horien berri emateko Mankomunitatean izan zen atzo Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatu Imanol Lasa.   

Martxoan abiatu zen Diputazioaren aurrekontuen zati bat herritarren parte hartze zuzenaren bidez zehazteko prozesua. Herriz herri eta eskualdez eskualde egin ziren bilerak eta Debagoienaren kasuan eskualde mailako bileran 87 proposamenetatik 12 lehenetsi ziren.

Aldaketak gobernu aldaketarekin

Aldundiko gobernu aldaketak, baina, aldaketak eragingo ditu prozesu horretan, eta horren berri emateko bilera deitu zuten atzo. Agintaldi berrian nola jokatuko duten azaldu zuen Imanol Lasa diputatuak: "Partekatzera etorri gara. Egia da orain arte bailara honetan ideia eta proiektu batzuk zeudela eta horiek ere joango gara garatzen pixkanaka, ohiko gure kudeaketan. Era berean, 2016ko aurrekontuetan ere garbi geratuko dira proiektu horiek noiz eta nola garatuko diren". 

Hala ere, EAJk eta alderdi sozialistak osatzen duten Diputazioko gobernuak, ondo egindako gauzak ikusi dituen arren, zenbait akats ikusi zituen parte hartze prozesu horren diseinuan: "360 pertsonek hartu zuten parte Gipuzkoan. Oso prozesu irekia izan da eta hurrengo urteetarako 100 bat proiektu atera dira. Baina ikusi dugu 60 pertsona gutxi samar direla 20 milioi eurorekin non eta nola inbertitu behar diren erabakitzeko. Gauzak ondo ere egin dira baina ahuleziak ere ikusi ditugu, hobetzeko badago". 

Departamenduen esku

Hori horrela, gobernu berriak Diputazioko departamenduen esku utziko du herritarrek proposatuko proiektuen garapena. Hala ere, diputatuak argi utzi zuen beti ere ongi etorriak direla pertsonak zein ideiak eta orain arte proposatutako proiektuen datak ezin izan badira zehaztu, ahal duten heinean horien berri ematen joango direla: "Gure taldeak 100 egun bakarrik daramatza gobernuan eta beraz, nahikoa lan dugu ildo estrategikoa definitzen, ekimen nagusiak zeintzuk izango diren erabakitzen, susperraldi ekonomikorako plana garatzen... Azken horri dagokionez, gaurko [atzoko] bileran aipatu dira batzuk. Hortaz, antolaketa berri honetan gauza asko aldatu dira eta horregatik aldaketon berri eman gura izan dugu gaur [atzo]". 

"Herritarrengandik gertu"

Hortaz, martxoan abiatu zen partaidetza prozesua amaitutzat jo zuten atzoko bileraren ostean. Hori bai, datozen lau urteotan "herritarrengandik gertu" egongo direla eta politika "beste era batera" egingo dutela adierazi zuen Lasak: "Herritarren eskaerak handiagoak dira eta arduradun politikook ere beste era batera ulertzen dugu politika. Gardentasuna, kode etikoak, eraginkortasuna... Gauza askotan hobetu beharra dugu, hausnarketa egin beharra dago. Beste modu batera bizi gara, beste modu baten ulertzen dugu bizitza eta beraz, politikak aldatu beharra dauka". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.