Debagoieneko herri ia guztietan (Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Elgeta) eskaintzen dituzte udalek haur eta nerabeentzako zerbitzuak, familia eta eskola inguruak ematen dizkien aukerez gain beste hezkuntza aukera batzuk ere eskura ipintzeko eta ezberdintasun sozialek euren bizitzetan duten eragina arintzeko helburuekin, besteak beste. Eta ezaugarri bat dute: irisgarritasuna. Arreta berezia jartzen dute haurren eta nerabeen arteko euskararen erabileran eta zerbitzu euskaldunak izatean, eta aisialdi hezitzailea lantzen dute.
Haurrentzako, ludotekak; nerabeentzako, gaztelekuak
Haurrentzako ludotekak astelehenetik ostiralera egoten dira martxan, arratsaldetan; batzuk martxan daude eta datorren asterako halaxe egongo dira guztiak. Urtean zehar edozein momentutan egin daiteke proba eta, gustatuz gero, izena eman; prezioa sinbolikoa da. Nerabeei zuzendutako gaztelekuak, berriz, martxan daude guztiak; asteburuetan egoten dira zabalik kasu gehienetan, eta astean zehar ere irekita dauden tokietan, eskola orduetatik kanpo. Gabonetan, Aste Santuan eta udan, gainera, zerbitzu berezia eskaintzen dute, gaztetxoek eskolan oporrak dituztela kontuan izanik. Gaztelekuen kasuan, ez dago izena eman beharrik.
Ekintza konpartituak
Gazteria teknikariek adierazitakoaren arabera, erabiltzaile kopuruak ematea ez da erraza: herriaren tamainak zerikusi zuzena du horretan, eta urtetik urtera aldatzen joaten dira, gainera. Arrasaten 400 inguru dira, adibidez; Aretxabaletako eta Eskoriatzako kasuan, 50 eta 80 bitartean; eta Bergaran kopurua igotzea espero dute, Agorrosindik erdigunera joan direla kontuan izanik.
Familiei zuzendutako gune libreak ere badaude, hezitzailerik gabe eta gurasoen ardurapean. Aurrera begira, asmoa da baita ere ekintza konpartituak egitea, herri ezberdinetako gazteek elkar ezagutzeko.