Laburbilduz, lurjabe horiek azpimarratu gura dute eurak direla eremu hori behar den moduan mantentzeko interes handiena duenak, eta beraz, ez daudela Aizkorri-Aratz parkeari Kontserbazio Bereziko Izendapena jartzearen kontra, baina halaber, salatzen dute inork ez dietela gauzak azaldu, bereziki izendapen horrek ekarriko dituen ondorioen berri eman, eta inor ez dela eurekin harremanetan jarri.
Irakurketa horiek abiapuntu, dagoeneko gertu daude hainbat alegazio Aizkorri-Aratz parkearen izendapen bereziak ekar ditzakeen ondorioak azaleratzen dituztenak. Esaterako, baso elkartearena edo Deba Garaia, Debagoieneko Landa Garapenerako elkartearena.
Negoziazioa, hobe
Adibide batzuk jartze aldera, Oñatiko eta inguruko lur-jabeek dioten moduan alegazio horietan behin eta berriro aldarrikatzen dute "guztien arteko negoziazio edo akordioak konplexuak" izan daitezkeela, baina "gerora begira kudeaketa erraztu egingo dutela eta denon inplikazioarekin helburuak hobeto beteko" dituztela.
Kalte-ordainak
Eta kontu ekonomikoak ere azpimarratzen dituzte, besteak beste, azpimarratzen dute dokumetuak ez duela jasotzen artzainek, baserritarrek eta lurjabeek jasango dituzten kalteak nola baloratuko diren, eta nola kudeatuko diren kalte ordainak.
Zaintzaile nagusiak
Ildo beretik joko dute, bada, Aizkorri-Aratz parkeko lurjabeek prestatuko dituzten alegazioek. Berretsi egingo dute, batez ere, mendeetako esperientzia dutela parkearen kontserbazioan. Eta helaraziko diote Eusko Jaurlaritzari gura dutela euren esperientzia luze eta positiboa kontuan har dezaten dokumentuak proposatzen duen kudeaketa planean. Laburbilduz, euren esperientzia balioan jar dezaten gura dute, eta denon onerako etorkizunean izango den kudeaketa planean aintzat har dezaten. Baina, batez ere, gura dute konfrontazioa saihestea.