Debagoieneko suhiltzaileek duten beste kexuetako bat da Jaurlaritzak ez duela eurekin kontatu legea lantzerako orduan. Azaldu dute Eusko Jaurlaritzak lege proiektuaren zirriborroa egin zuenean bidali zituztela euren, suhiltzaileen ekarpenak, baina Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartu.
"Baldintzen prekarizazioa"
Euren alegazioak edo protestak sindikatuen bitartez ere helarazi dizkiote Euskadiko gobernuari. Oro har, ELA zein LAB sindikatuen salaketa nagusia horixe da: "suhiltzaileen zerbitzuaren pribatizaziorako bidea zabaldu" egiten duela.
Hala, ELA sindikatuak adierazitakoaren arabera, lege berriak "lan baldintzen prekarizazioa ekarriko du; lanaldi partzialak sustatzen dira eta interinitateari ez diote ezelako mugarik jartzen eta besteak beste, formakuntzarekin ere negozioa egiteko ateak zabaltzen dira". (…) Horrez gainera, sindikatu abertzaleak gaineratu du ez duela "suhiltzaile zerbitzuaren funtzioak eta helburuak zeintzuk diren argitzen, administrazioaren diskrezionalitatea indartuz".
1986az geroztik
Debagoieneko suhiltzaile parkean 26 suhiltzailek dihardute lanean, txandaka, 24 orduko zerbitzua emanez. Guztiak ere profesionalak dira 1986az geroztik.