Korporazioa osatzen duten enpresa eta kooperatibek 10.985 milioiko salmentak egin zituzten, aurreko urtean baino %1,4 gutxiago. 345 milioi erabili zituzten inbertsioetarako. Ebitda bateratua 1.168 milioikoa izan zen, hau da, salmenten %10,6.
"Magnitude horiek, eta aurtengo lehen seihilekoak erakutsitako portaera onak konfiantza eta baikortasuna dakarte Korporaziora, nazioartekotze maila altuari esker eta bere jarduera eremuetan berrikuntzaren alde egiten ari den apustuari esker", dio Mondragonek.
Industria kooperatibek emaitza hobeak izan zituzten
Banaketa, Finantza eta Ezagutzaren arloetan emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria Arloaren balantzea jakin da. Hain zuzen, Mondragoneko kooperatiba industrialek 31.736 langileko plantilla bati eman zion okupazioa; 2014aren amaieran fakturazio totala 4.754 milioi euro izan zen, eta emaitzak 191 milioi euro (aurreko urtean baino %80 hobeto). Gainera, aurreko urtean 247 milioi euro inbertitu ziren industri kooperatibetan.
Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak dagoeneko industri arloaren %71 dira. Ezarpen berriak egin ziren hainbat herrialdetan, hala nola Txina, India, Estatu Batu, Mexiko eta Brasilen, eta, ondorioz, dagoeneko 125 filial produktibo daude atzerrian (aurreko urtean baino hiru gehiago).
Industrian, "merkatu nazionala suspertzen ari dela egiaztatu" du Korporazioak, izan ere, azken urteetan lehendabiziko aldiz, salmentak handitu egin dira aurreko ekitaldiarekiko (%1,7), 1.400 milioira iristeraino.
Berrikuntzari dagokionez, 145 milioi euro inbertitu zituen iaz Mondragonek I+G-n, %8,93 balio erantsiarekiko, eta %3,07 guztizko salmentekiko. Arlo hori osatzen duten 15 erakundeek 1.700 pertsona enplegatzen dituzte. Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 620 milioi eurora iritsi ziren, salmenta zifra osoaren %13.
EAEko patente-familien laurdenak
Guztira 479 patente familia ditu Korporazioak, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoko %25. Korporazioak Europako 30 I+G lankidetza programatan baino gehiagotan dihardu. Gainera, Espainiako Fabrikazio Aurreratuko Plataforma Teknologikoa (Manuket) gidatzen du, zeinak integratu egiten dituen fabrikazio aurreratua eta etorkizuneko teknologiak: material aurreratuak, bioteknologia, fotonika, mikro-elektronika eta nanoteknologiak.
Banaketa Arloa da oraindik ere taldearen barruan enplegu gehien ematen duena. Guztira 38.686 pertsonak lan egiten dute arlo horretan, eta aurreko urtean 6.231 milioi euroko salmentak egin zituen, orain dela bi urte baino %1,9 gutxiago. 80 milioiko inbertsioa egin zuten, Eroskiren plataforma logistikoa automatizatzeko, eta emaitzek azkenean 280 milioi euroren balantze negatiboarekin amaitu dute, horniduretara 256 milioi bideratuta.
Azkenik, Finantzen Arloan, urtearen amaieran bilakaera positiboa zuen, bai solbentzia ratioetan bai likidezia eta berankortasunean. Arlo horretan 109,2 milioi euroren irabaziak lortu ziren, hau da, %24,6ko igoera nabarmena. Aurreko urtean 175 milioi euro lortu ziren primetan, aseguruen sektoreko batez besteko baino hazkunde handiagoekin. Halaber, LagunAro, EPSVko ondare fondoa 5.566 milioira iritsi da 2014aren itxieran, aurreko urtean baino %6,93 gehiago.
"2014 inflexio puntua izan dadila"
Javier Sotil Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakariak konfiantzazko mezua helarazi du etorkizunari begira. “Kudeatzeko eta berritzeko ahalmenak negozio lehiakorrak sustatzeko, konpromiso kolektiboak eta kooperatiben arteko elkartasunak aurrerantz bultzatuko gaituzte”.
Sotilek azaldu duen nahia da 2014 “inflexio puntua izatea ekonomia suspertzeko etapa berri baterantz, batez ere ekonomia europarrari, espainiarrari eta euskaldunari dagokionez”, eta konfiantza erakutsi du Korporazioak enplegua sortzearren arloan azken ekitaldiko erritmoa mantenduko duela.