Bazkide berriak egingo ditu Eroskik, azkenaldiko joera aldatuz

Leire Kortabarria 2015ko eka. 17a, 22:11
Batzar orokorraren une bat.

Eroskik bazkide berriak egingo ditu datozen hilabeteotan, azken ekitaldietan egin ez duen bezala. Hori da ohiko batzar orokorra eta gero jakinarazitako neurrietako bat. Bestalde, aurreikusten zen bezala, bazkideek bere gain hartuko dituzte joan den ekitaldiko galeren %26. Batzarra gaur arratsaldean egin dute BECen. 

Eroskik plan estrategikoaren lehen erdia bete du, eta bigarren erdirako helburuak azaldu dizkie bazkideei; tartean, bere establezimenduak erabat diferentziatzea eta merkatu guztietan lehiatzea.

Gaurko batzar orokorrera 500 bazkide ordezkari zeuden deituta, lan-bazkide eta bazkide kontsumitzaileen ordezkariak, hain zuzen ere. Eroskiko presidente Agustin Markaidek martxan dauden planen maisu lerroak azaldu ditu, eta plan estrategikoaren "hobetsitako helburuak" ere. Azken helburua honako hau da: "Eroski izan dadila kontsumitzaileek aukeratzen duten denda elikadura osasuntsu baterako".

Markaidek esan duenez, Eroski bere "transformazioa azkartzen" ari da negozio-eredu "lehiakorragoa, kalitate-prezio erlazio hobearengatik diferentziatzen diren dendekin, arreta pertsonalizatuarekin eta freskoetan espezializatua" izateko. Gaineratu duenez, Eroskiren "lehia posizioa" hobetzeko plan bat da, eta horretan parte hartuko dute lan-bazkide berriek. Orain, 7.892 dira.

Bezero-Bazkideak, estrategikoak

Presidenteak esan duenez, kontsumitzaileek aukeratzen duten denda izateko martxan jarri den lehenengo lerro estrategikoa Bezero-Bazkide multzoa piztea izan da. Gaur egun, 2,3 milioi kontsumitzailek osatzen dute hori. Datozen ekitaldiotarako erronka "bezero tipologietan fokalizatutako kudeaketa berria" egitea izango da. Bigarren lerroa Eroskiren dendak "bere inguruan ekoiztutako elikagaiak merkaturatzeko plataforma irekiak" izatea da. Gainera, denda autogestionatuak bultzatuko direla esan du, "bezero-bazkideek espero dutena etengabe eskaini" ahal izateko, eta baita denden inguruko nekazal ekoizleetara eta lehiakideen presiora moldatzeko ere. Hirugarren lerro estrategikoa dendak antolakuntzaren erdian ipintzea izango da. "Auzoko dendaren espiritua" berreskuratu nahi du Eroskik, hain zuzen ere. Dendak izango dira protagonistak Eroskiren politika berrietan. Azkenik, laugarren lerro estrategikoa "pertsonen gaitasunak maximizatzea" izango da. Joan den ekitaldian, Eroskik 138.000 ordu eskaini zituen bere lantaldeak formatzera.

56 milioi, bazkideen erreserba negatibora

Beste alde batetik, 2014ko ekitaldiko kontuak eta kudeaketa txostena onartu ditu. Espero zen bezala, bazkideek onartu egin dute galeren %26 bere gain hartzea (56 milioi dira bere gain hartu dituztenak) bigarren urtez jarraian. Bazkide bakoitzak erreserba negatibo indibidualizatua dauka.

Horrez gain, Mendeko Ekarpen Finantzarioen interesak banatzea ere onartu du batzar orokorrak. Eroskik esaten duenez, horien lehenengo jaulkipenetik, 314 milioiko interesak ordaindu ditu.

Azkenik, ordezkapen eta gobernu korporatibo organuetako kargu batzuk ere berritu dira, oraingo ekitaldiari zegokion bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak